ATENTATUAK TURKIAN

Erresuma Batua jomuga zuten bi atentatutan, 27 hil,gutxienez, Istanbulen

Hildakoez gain, 450 zaurituz gora eragin dituzten leherketek galera handiak sortu dituzte, joan den larunbatean beste bi atentatu pairatu zituen Beyogluko auzunean

Erredakzioa
2003ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Kontsuletxearen eta banku britainiar baten aurka Istanbulen atzo gertatu ziren eta bonba-autoz burutu zituzten bi atentaturen ondorioz, gutxienez 27 lagunek bizia galdu zuten eta beste 450etik gora zauritu egin ziren. Kontsuletxeko zartadan hil zen Roger Short Erresuma Batuko kontsul nagusia. Atentatu horiek galera handiak eragin zituzten ere Istanbul erdialdeko Beyoglu auzunean. Auzo honetan gertatu ziren, larunbatean, Neve Shalom eta Beit Israel sinagogak jomuga zituzten bonba-auto bitartezko atentatuak , 25 hildako eta 300 zauritu baino gehiago eraginez.

Bost egun lehenago gertatutakoetan bezala0, atzoko atentatuak errebeindikatu zituen IBDA-C Ekialde Handiko Gudukarien Fronte Islamikoa turkiar erakunde integrista musulmanaren eta Al Kaeda sare islamikoaren izenean mintzo zen gizonezko batek, Anatolia prentsa agentziari atzo arratsaldean egindako telefono deialdian. Lehen leherketa, goizeko hamaikak inguruan gertatu zen Erresuma Batuko HSBC bankuaren aurrean. Hamar bat solairuko egoitzaren aitzinaldeari eta inguruko etxeei kalte oso handiak eragin zizkien eztanda indartsuak. Zenbait minutu geroxeago, handik hurbil kokatutako Erresuma Batuko Kontsuletxearen aurka gertatu zen bigarren leherketa. Lekukoek esan dutenez, eztanda jazo zen Roger Short kontsul nagusia egoitza barrura sartzen ari zen unean bertan. Hasiera batean diplomatikoaren zorteaz argibiderik egon ez bazen ere, Londresek laster baieztatu zuen haren heriotza. Kontsuletxearen aurrean gertatutako eztanda ere galanta izan zela esan dute lekukoek. Inguruaren traza ikustea nahikoa zen horretaz ohartzeko. Izan ere, Kontsuletxearen sarrerako bi hegaletan zeuden eraikinak birrinduta zeuden, eta egoitzako beira guztiak, baita ere kale osoko etxeetakoak apurtuak. Kalea mota guztietako puskakinez betea zegoen eta auto andana bat nahiz zuhaitz batzuk sutan ziren, leherketa gertatu eta berehala. Kontsuletxearen sarreratik hurbil bi metro barna eta hiru metro zabal zeukan zulo bat ageri zen. Eztandaren potentziaren argigarri zen ere, sarreran, ibilgailuak emekiarazteko jarria zuten burdin sare bat, handik 300 metrora bota zuela ufakoak.

Iragan astekoen antzekoak

Cemil Cicek Turkiako Justizia ministroak iragarri zuen bi leherketak bonba-autoak gidatzen zituzten ekintzaile suizidek zituztela burutu. Anatolia prentsa agentziak aipatutako polizia iturrien arabera, eztanda egin zuten bonbak larunbatean bi sinagogen kontra zart egin zutenen antzekoak ziren. Iturri hauek ziotenez beti, HSBC bankuaren aurka erabilitako bonba-autoa aurrean aparkatu zuten kolore gorriko bat zen, eta Kontsuletxearen kontrako erasoan, berriz, kolore berdeko ibilgailu batek zuen sarreran talka egin.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak atentatuak gogor salatu zituen eta azaldu: «Terrorismoari gogor egiteko, nire gobernuak daukan deliberamenduarekin eta nazioarteko elkartasunarekin, atentatu anker hauen egileek ez dute inolako aukerarik euren helburuak lortzeko». Gertakari hauen ostean, dena den, Turkiako seguritate indarrak alerta gorrian jarri ziren. Europako herrialdeetako agintariek eta Europako Batsunekoek ere gogor gaitzetsi zituzten atentatuak.

-

Datua





HSBC: Egoitza nagusia Londresen duen HSBC munduko banku talde indartsuenetatik bat da. Mundu osoan zabaldua dago, 80 herrialdetan. 170.000 langile ditu, eta 418,9 milioi euroko etekinak iaz. Iraken egoitza ireki zuen lehena da gerraz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.