Erresuma batuan bizi ziren eta egun AEBek Guantanomoko espetxean preso dauzkaten bost lagun askatzeko eskatu dio Londresko Gobernuak Washingtoni.
Eskaera horrekin Erresuma Batuko Gobernuak orain arteko kanpo politika aldatu du. Bost preso horiek Erresuma Batuko herritartasuna ez zutenez orain arte uko egin dio Londresek askatasuna eskatzeari.
Aldiz orain, David Miliband Atzerri ministroak eta Jacqui Smith Barnekoak libre utz ditzatela eskatu dute, bost presoek bizileku legala Erresuma Batuan dutela argudiatuta. Jamil el Banna, Shaker Aamer, Omar Deghayes, Binyam Mohamed eta Abdennour Sameur presoak Erresuma Batuan bizi ziren atxilotuak izan eta Guantanamoko espetxera eraman aurretik. Gainera, Londresko Gobernuak Guantanamoko espetxe ixtearen aldeko jarrera hartu du azkenaldian.
Eskaera egiteko Milibandek AEBetako Estatu idazkari Condolleezza Riceri gutun bat bidali dio bost pertsona hauen askatze eskaera formala egiteko.
Komunikatu baten bitartez, Atzerri Ministerioak nabarmendu du ekimen hau bost atxilotuek Erresuma Batuarekin duten loturara mugatzen dela,“beraien bizileku legala hemen dela frogatuta baitago”.
Halere, bost atxilotu hauen askatasuna lortzeak denbora luzea emango duela adierazi du Ministerioak. Horrez gain, preso horiek Erresuma Batura itzuliz gero atzerritarrekin hartzen dituzten segurtasun neurriak hartuko dituztela agindu du: “Gizonezko horiek Erresuma Batura itzuliz gero, atzerriko herritartasuna duten besteei bezalako segurtasunneurri eta baldintzak ezarriko zaizkie”.
Mundua
Erresuma Batuak AEBri eskatu dio Guantanamoko bost preso askatzeko
Preso hartu aurretik Erresuma Batuan bizi ziren, herritartasunik ez izan arren. Eskaera horrekin orain arteko jarrera aldatu du Londresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu