'Brexit'-a

Erresuma Batuak eta EBk astelehenean hasiko dituzte negoziazioak

Londresko panorama politikoa argitu ez bada ere, bi aldeek hasierako datari eutsi diote.

May, artxiboko irudi batean. CHRIS J. RATCLIFFE, EFE
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 15a
08:22
Entzun

David Davis Erresuma Batuko brexit-a negoziatzeko arduradunak eta Michel Barnier Europako Batzordekoak ohar bateratu baten bidez jakinarazi dute hilaren 19an hasiko dituztela negoziazioak. Londresen atzo etxe orratz batek su hartu ondoren —hamazazpi lagun hil ziren—, Theresa May lehen ministroak adierazi zuen brexit-aren negoziazioak gibelatzeko asmoa zuela, baina, biharamunean, hasierako data berretsi dute Davisek eta Barnierrek, Bruselan egin duten bileraren ondotik.

Hortaz, negoziazioak hasiko direnean Erresuma Batuko legegintzaldia ez da hasia egonen, Elizabeth II.a erreginaren hitzaldia asteazkenera gibelatu baitute, Alderdi Kontserbadorearen eta Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren arteko negoziazioei denbora gehiago emateko.

Bi alderdi horien arteko elkarrizketak ere eragin zuzena izanen du Ipar Irlandako Gobernua osatzeko negoziazioetan. Mayk Downing Streeten hartu ditu gaur Ipar Irlandako Parlamentuan ordezkaritza duten bortz alderdiak. Hilaren 29a baino lehen akordorik egiten ez badute, Londresek Ipar Irlandaren kudeaketa zuzena hartuko du.

Mayk ekainaren 8rako hauteskundeetara deitu zuen, brexit-aren negoziazioak hasi aitzinetik garaipen zabal bat lortu nahi zuelako, bere posizioa indartzeko. Kontserbadoreek, ordea, galdu egin zuten 2015ean lortutako gehiengo osoa, eta DUPen babesa ziurtatu nahian ari dira gobernua osatu ahal izateko. Horrek brexit-aren agendari ez ezik, Ipar Irlandako egoera politikoari ere eragin dio.     

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.