«Inoizko aire operaziorik handiena» dela aldarrikatu du Nick Richardson koronelak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Afganistanen dituen tropen bozeramaileak. Erresuma Batuak Panteraren atzaparra operazioa jarri dio izen. Horren baitan, beste 350 soldadu bidali ditu Helmand probintziara, talibanen gotorlekura. Bertako pasabideen gaineko kontrola berreskuratzea du helburu. Eta AEB Ameriketako Estatu Batuek ere eskaini diote babesa Londresi, probintzian orain arte zituen tropei beste 150 militar gehituz.Ostiralean hasi zuten «aireko eraso masiboa», baina ez NATOk ez Erresuma Batuak ez dute jakinarazi ekintzailerik hil duten.
Chinook motako hamabi helikopterotatik zintzilikatu eta Helmandeko Babaji herrixkan lur hartu zuten Erresuma Batuko soldaduek pasa den ostiral gauerdian. Apache eta Black Hawkmotako helikopteroek eta gidaririk gabeko hegazkinek babestu zuten operazioa. Eskoziako Hirugarren Errege Errejimenduko kide ziren soldaduak; Black Watch izenez dira ezagunagoak. NATOk gidatzen duen ISAF Afganistanen Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarren kide dira, beste 41 herrialdetako tropekin batera. Batailoi bereko beste zenbait militar Lashkar Ga hiribururantz abiatu ziren, artilleria astunarekin. Lehergailuak desaktibatzen adituak direnak zihoazen taldean. Horiek dira talibanek gehien erabiltzen dituzten armak, granada-jaurtigailuez eta kalaxnikovez gain.
Ubideak kontrolpean
Hildakoen berri ez dute eman, baina lorpenak jakinarazi dituzte jada. «Gogor egin digute aurre, baina eskualdean finkatzea lortu dugu», adierazi du Stephen Cartwright koronelak, Black Watchen buruzagiak. Besteak beste, talibanei Lui Mandei Uadi pasabidearen eta Nahr e Burga eta Shamalan ubiden gaineko kontrola kendu dietela jakinarazi du. Era berean, ekintzaileei lehergailuak eta 1,3 tona opio ere kendu dizkietela dio NATOk. Atzo egindako sarekada baten emaitza da, militarren arabera.
Adituen arabera, opio salmenta da talibanen diru iturri nagusia. Eta Helmanden ekoizten da munduan egiten den opioaren %42. Myanmarrek adina produzitzen du, beraz, Afganistango probintzia horrek -Myanmar da munduko bigarren ekoizlerik handiena, Afganistanen ondoren-. Garai batean estatubatuarrek eraikitakoubideak baliatzen dituzte egun opio sailak ureztatzeko. Izan ere, AEBek garapenerako hainbat proiektu jarri zituen martxan 1960. hamarkadan Helmaden. Horrexegatik deitzen zioten «Amerika txikia», 1978an sobietarren esku jauzi zen arte.
Egun, baina, Afganistango probintziarik odoltsuena bilakatu da Londresentzat. Adituek Koreako gerraz geroztik Helmandekoen moduko borrokarik ez dutela ezagutu diote. Hori hala, ekintzaileek 196. soldadua hiltzearekin batera, 2006an tropak indartu zituen. ISAFeko 61.130 soldadu daude gaur Afganistanen, haietatik 28.850 britainiarrak. Gehienak Helmanden dauden arren, Kabulen eta Kandahar probintzian ere badago militar batailoi bana. Horiez gain, AEBek badituzte tropa independenteak ere. Askatasuna Iraunarazteko Operazioko kide dira 17.100 soldadu.
Erresuma Batuak «inoizko operazio handiena» hasi du Afganistanen
Londresek beste 350 soldadu bidali ditu Helmandera, talibanen esku dagoen probintzia hori berreskuratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu