Alistair Burt Erresuma Batuko Ekialde Hurbilerako idazkariordeak gaur goizean gaitzetsi egin du Israelek atzo Jerusalem Ekialdeko kolonia batean 130 etxebizitza gehiago eraikitzeko iragarri zuen egitasmoa. Gainera, Silwan auzo palestinarrean turistentzako gune bat eraiki nahi du. Burtek esan du bi proiektu horiek "probokazioa" direla.
"Pauso probokatzailea da, aurrera begira kaltegarria, Israeleko agintariek eman dituztenen artean beste bat", esan du. Burtek azpimarratu du Israelek kolonia gehiago eraikitzeko asmoarekin aurrera jarraitzen badu, bi estatuen sorreran oinarritutako konponbidea zailagoa izango dela.
Kolonien aurkako protestatan, hain zuzen, lau lagun zauritu zituzten atzo Zisjordanian okupazioaren aurkako protestatan. Ramalan, Belenen Qalqilijan eta Salfiten izan ziren protestak, eta Israelgo segurtasun indarrek nigarra eragiteko gasarekin sakabananatu zituzten hor bildutakoak. Zaurituen artean argazkilari bat dago.
Orain dela aste batzuk nigarra eragiteko gasa duen pote batekin protestagile bat hil zuten soldaduek, aurpegian jota, gertutik. Argazkilariari hankara bota diote potea. Beste zaurituak ere pote horiekin eta gomazko pilotekin jo dituzte. Bederatzi lagun atxilotu dituzte, tartean nazioarteko elkartasun mugimenduko bi ekintzaile.