Erresuma Batuak 'Trident' misil nuklearrak berritzea ebatzi du

Blair lehen ministroaren proposamenak matxinada eta bost dimisio eragin ditu Alderdi Laboristan

2007ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Komunen Ganberak Trident misil nuklearren sistema eraberritzea onartu zuen atzo, Tony Blair lehen ministroaren proposamena aintzat hartuta. Sistema berritzearen aurkakoek nabarmendu dute hau gauzatzeak «ahuldu» egingo dituela Iranek eta beste estatu batzuek arma nuklearrak ekoizteko programak desegiteko eginahalak. Irakeko gerra hasteko erabakia hartu zuenetik, bere alderdian izan duen matxinadarik handiena eragin du Trident-en auziak. 80 bat diputatu laboristak Blairren kontra bozkatu dute, eta haren bost diputatu eta aholkularik dimisioa eman dute. Liberal-demokratek ere kontra bozkatu dute. Haatik, laborista gehienen eta kontserbadoreen botoekin onartu dute egitasmoa.

409 diputatuk sostengatu zuten Blairren proposamena, eta 161ek errefusatu. Lehenago, erabakia 2014 arte atzeratzearen alde liberal demokratek aurkeztutako mozioa atzera bota zuten 413 diputatuk; 167k sostengatu zuten.

Blairrek esan zuen eraberritu egin beharra dagoela Trident misilak jaurtitzeko lau urpeko nuklearren flota, «erregimen gaizto eta estatuen babesa duten ekintzaile terroristen balizko mehatxuen aurrean defenditu ahal izateko». Egungo sistema, Faslaneko basean (Eskozia) kokatua, 2020ko hamarkadan da iraungitzekoa. Eraberritze programak 30.000 milioi euro kostatuko luke. Defentsa ministroaren esanetan, «orain» eraberritu behar da sistema, honetara egokitzeko beharrezkoak diren urpeko berriak eraikitzeak «denbora asko eskatuko duelako».

Auziak bost dimisio eragin ditu Londresko eta Edinburgoko gobernuetan den Alderdi Laboristan. Atzo Londresko gobernuaren aholkulari eta diputatu Chris Ruanek eta Stephen Poundek dimisioa eman zuten, haren kontra bozkatu ahal izateko. Herenegun aholkulari eta diputatu laborista Jim Devinek eman zuen dimisioa, eta astelehenean Komunen Ganberako bigarren buruak, ministro izandako Nigel Griffiths laboristak.

Halaber, Eskoziako Gobernuko ministro laborista batek, Malcolm Chisholmek, dimisioa eman zuen joan den abenduan. Orduan, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala independentistak Trident sistema berritzearen kontra aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zuten lau diputatu laboristak. Haatik, Eskoziako koalizio gobernua -laboristek eta liberal-demokratek osatua- nagusitu zen bozketan.



PROTESTA UGARI. Azken urteotan eta bereziki hileotan protesta anitz egin dituzte misilen sistemaren aurka. Azkenak, atzo bertan. Eskoziako Legebiltzarreko teilatura igotzen ari ziren hiru lagun atxilotu zituen Poliziak, Edinburgon.

Orain bi aste, 2.000 bat lagunek egin zuten protesta Glasgown (Eskozia). Politikariak, eta sindikatu zein elizetako buruzagiak egitasmoaren aurka azaldu ziren. Londresen ere antzeko protestak egin zituzten. Era berean, Greenpeace talde ekologistak Faslane blokeatu zuen duela bi aste, Artic Sunrise ontziarekin. Iragan urtarrilean Faslanen eginiko protestan, 30 bat politikari atxilotu zituen Poliziak.



Komunek eskatutako erreforma arbuiatu du Lorden Ganberak

Gobernuak proposatzen dituen erreformen kontrakoak (361 lord) nagusitu ziren atzo Lorden Ganberak, aldeko 121ak garaituta. Demokratikoki hautatuak ez, baizik eta alderdiek eta batzorde batek izendatzen dituzten lordek sistemak bere horretan segitzearen alde egin zuten. Joan den astean, Komunen Ganberak Gobernuaren erreformen alde egin zuen. Azken hau herritarrek hautatutako diputatuek osatzen dute. Teorian Komunen Ganberak Lorden Ganbera behartu dezake bere erabakia onartzera, baina adituek uste dute horrek polemika handia eta eztabaida asko eragingo dituela.





Londresen 'disuasio arma'

Hiroshima suntsitu zuen bonbaren halako zortziko potentzia duen 'Trident' misila da Erresuma Batuaren disuasio indarraren oinarria
j.m. sarasola

AEBek 1945eko abuztuan Japoniako Hiroshima hirian -hiria suntsitu eta 140.000 biztanle hil zituzten- jaurtitako bonbaren halako zortziko potentzia du Trident II (D5) misil bakoitzak. Orain arte, hamaseina misil eramateko ahalmena dute Vanguard itsaspeko nuklearrek. Halako lau ontzi ditu Londresek Faslaneko (Eskozia) basean, eta bere disuasio indarraren oinarria da sistema osoa. Zer gerta ere, urpeko bakoitzean jaurtitzeko prest daukate misil bana.

Gainera, behar izatekotan,AEBetako Georgia estatuko base batean beste 70 misil eskura dituzte hala AEBek nola Erresuma Batuak, bion elkarlanari esker.

Misil bakoitzak 14 buru nuklear eraman ditzake, baina gaur egun soilik hiru eramaten ditu, Londresek 1998an erabakitako estrategiak muga hori jarri baitzuen.

Trident sistemaren hiru zatiek (misila bera, buru nuklearrak eta urpekoa) oraindik erabilera urte franko izan arren, haiek ordezkatzeko sistema eraikitzeak urte asko beharko lituzke. Oraingoak 2020ko hamarkadan iraungiko du.

Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek dio funtsezkoa dela bere estatuak arma nuklearren sistema edukitzea. Horretarako AEBen programa batekin bat egin nahi du, Trident D5 motako misilen bizitza 2040eko edota 2050eko hamarkada arte luzatzeko. Horretarako ere urpeko nuklearren belaunaldi berria eraikiko lukete Erresuma Batuan. Buru nuklearrei dagokienez, Gobernuaren Liburu Zuria-k dio oraingoz ez dela beharrezkoa erabakirik hartzea, hurrengo legegintzaldian har dezaketela erabaki hori. Eraberritu behar izanez gero, Erresuma Batuan egingo lukete hori.



SISTEMA GARESTIA ETA POLEMIKOA.Trident II D5 misilak AEBetako armamentu sektoreko enpresa erraldoi Lockheed Martinek eraikitzen ditu. 1994 arte Londresek zituen Polaris misilak ordezkatu zituzten Trident II D5-ek. Hauek 7.400 kilometroko irismena dute, eta horrek izaera estrategikoa ematen die.

Misilak hiru faseko propultsio sistema du. Gasa askatzen duen kohete batek misila urpekotik jaurti eta ur azalera atera ondotik, espaziora iristean zehaztutako jomugara abiatzen da. Izarren posizioa irakurtzen duen sistema batek misilaren ibilbidea doitzen du. Une jakin batean misilaren beste kohete bat pizten da, eta geroago hirugarren kohete bat. Hala, jaurtiketatik soilik bi minutura jomugarantz segundoko 6.100 metroko abiaduran doa misila.

Jomugaren ingurura iristean, hirugarren propultsio kohetetik bereizten da karga nuklearra duen zatia. Gida sistemak posizioa baieztatzean kohete txiki batzuek buru nuklear bakoitza zehaztutako jomugetara bideratzen dituzte.

Misil berriak jaurti ahal izateko beharrezkoak diren itsaspeko berriek 29.400 milioi euro ingurukokostua dute, 30 bat urtetan ordaintzeko. Alabaina, Greenpeace talde ekologistak dio azken kostua bost bider handiagoa izan daitekeela.

Kostuaz landa, ahots kritikoek diote sistema eraberritzeak Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren VI. artikulua urratuko duela. Itunaren sinatzaileek (Londres barne) desarme urratsak egitera behartzen ditu artikulu horrek.

Londresen iritziz, ordea, Itunak ez du erabateko desarmea behartzen, armamentua murriztera baizik. Gerra Hotza-ren bukaeratik bere ahalmen nuklearra %70 gutxitu duela dio Londresek.

Beste batzuen ustez, Trident sistema erabiltzeak Genevako Konbentzioak urratuko lituzke, arma mota horiek ez baitituzte borrokalariak eta zibilak bereizten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.