Londresko kaleak poliziaz gainezka daude protestak hasi eta astebetera. Scotland Yardek hirukoiztu egin du polizia kopurua, eta istiluak erabat baretu arte 16.000 polizia arduratuko dira segurtasuna bermatzeaz. Azken hiru gauetan, ostegunaz geroztik, ez da nabarmentzeko moduko iskanbilarik izan hiriburuan, baina, asteburuan giroak okerrera egin zezakeela argudiatuta, segurtasun neurriei eustea erabaki du Erresuma Batuko Poliziak.
Neurri horrekin protestek berriz indarra har dezaten saihestu nahi dute agintariek. Auzipetuta dauden lagunei zigor eredugarriak jartzea izan da bide horretan beste taktika bat. Iragan larunbatean protestak abiatu zirenetik 1.700 lagun atxilotu dituzte —horietatik mila hiriburuan—, eta dagoeneko horietako 800 auzipetu dituzte; horietatik erdiak adingabeak dira. Londres, Birmingham eta Manchesterko auzitegietan gau eta egun ari dira lanean epaileak, eta, hainbat abokatuk salatu dutenez, lehen fidantza bat ordainduta bideratzen ziren auziak orain zigor gogorrak ezarrita konpontzen dira.
Zigor eredugarriak
Nicholas Robinson Brixtongo 23 urteko ikasleari, esaterako, sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote lau euroko ur botila bat lapurtzeagatik. Birminghamgo beste gazte bat, berriz, hamahiru mastekatzeko goma pakete eta 21 txokolate barratxo osteagatik auzipetu dute.
Scotland Yardek jakinarazi duenez, atxilotutakoen %62 dendetan lapurretak egiteagatik daude auzipetuta; %11,7 istiluak eragiteagatik; %5,4 lapurtutako gauzak izateagatik; %4,5 armak edukitzeagatik, eta %2,7 pertsonei lapurtzeagatik. David Cameron lehen ministroak, bada, arpilatzaileen kontra gogor egingo dutela ohartarazi du: «Kriminalei esaten diet: 'bilatuko zaituztegu, atzemango zaituztegu, auzitegietara eraman eta zigortu egingo zaituztegu. Egin duzuenagatik ordainduko duzue'».
Nick Clegg lehen ministrordea, bien bitartean, poliziarekin izandako ika-mika leuntzen saiatu da; Tom Godwin poliziaburuak lehen ministroaren adierazpenen aurka egin zuen bezperan, argudiatuta poliziak kritikatu zituela eta operazioaren arrakasta bereganatu nahi izan zuela. Ahulegi jokatzea eta taktika okerrak baliatzea leporatu zion Cameronek Scotland Yardi parlamentuan.
The Independent -ek zabaldutako inkesta baten arabera, baina, oker aritu zena lehen ministroa izan zen: herritarren %54k uste dute agintariak motel erantzun ziola krisiari, astelehenera arte ez baitzen oporretatik itzuli.
Erresuma Batuan 1.700 dira atxilotuak, eta dagoeneko 800 lagun auzipetu dituzte
David Cameron lehen ministroak krisiari motel erantzun ziola uste dute herritarren %54k, inkesta baten arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu