Irlanda iparraldea

Erresuma Batuko armadaren unitate batek zibilak hil zituen Belfasten, militar ohiek aitortu dutenez

Militar klandestinoak MRF indar militarren parte izan ziren hemezortzi hilabetez, IRAko ustezko kideak zaindu eta hiltzeko, BBCk jakinarazi duenez.

2013ko azaroaren 21a
13:53
Entzun

BBC kateak jakinarazi du gertatutakoa, MRF unitateko kideak elkarrizketatuta. Erresuma Batuko armadak aukeratutako berrogei soldaduk osatu zuten taldea, eta, soldadu ohiek nabarmendu dutenez, "bizitza asko salbatu" zituzten zibilok hilda. BBCk hamar soldadu ohien lekukotza jaso du, eta ziurtatu du taldeari buruzko dokumentu guztiak desagerrarazi zituztela.

Kaleko jantzita egunero zaintza lanak egiten zituzten Belfast mendebaldeko auzo katolikoan. Askotan kale garbitzaile gisara jarduten zuten, baina lanaren parte besterik ez zen zaintza, IRAko susmagarrien kontra tiro egiteko agindua baitzuten. IRAren ekintzak "minimizatzea" zuten egitekoa; "tiro egin behar bazen, tiro egiten zen", aitortu du soldadu ohietako batek. Norengana jo erabaki eta hiltzen zuten: "Ez ginen hirian zehar ibiltzen nonahi tiroka, filmetan ikusten den bezala. Helburuen bila joaten ginen hara [Belfast mendebaldera], eta aurkitzen genitunean erorarazten genituen".

Aurpegia estalita egin dituzte adierazpenok Panorama saiorako. Erresuma Batuko Defentsa ministroak esan duenez, berriz, Poliziaren esku utziko du BBCren informazioa iker dezan. Mike Jackson jeneralak, besteak beste, talde honi buruz "ezer gutxi" dakiela esan du, eta onartu du "ausardia" hori izan zuten soldaduak "miresten" dituela. Gaur gauean emango du BBCk dokumentala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.