Erresuma Batuko 'brexit'-erako negoziatzaileak dimisioa eman du

Pandemiarekin lotuta Londresek hartu asmo dituen neurriekin bat ez datorrelako utzi du kargua

David Frost ministroa, artxiboko argazki batean. OLIVIER HOSLET / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Bakarrik utzi dute Boris Johnson lehen ministroa. Brexit-erako negoziatzaile David Frost izan da harengandik aldentzen azkena. Larunbat gauean eman zuen Frostek bere erabakiaren berri, Johnsoni bidalitako idatzi baten bidez, eta iragarri «berehala» utziko zuela kargua.

EB Europako Batasunetik irteteko proposamena izan da Johnsonen agintaldiko egitasmo pisuzkoena, baina lehen ministroak ez du esperotako arrakasta lortu. Bruselarekiko negoziazioek espero baino arazo gehiago sortu dizkiote. Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean muga zurrun bat ezartzea eragotzi du Londresen eta Bruselaren arteko akordioak, Ostiral Santuko Akordioari eta bi eskualdeen arteko harreman ekonomikoei kalterik ez egiteko asmoz. Horrek, ordea, eskualdearen eta Britainia Handiaren artean kontrol komertzialak ezartzea eragin du, eta hainbat talde unionistak Erresuma Batuaren batasunaren aurkako erasotzat hartu dute hori. Besteak beste, salatu dute kontrolek hainbat produkturen eskasia eragin dutela lurraldean.

Dena den, Frosten dimisioa bestelako arrazoiek bultzatu dute: egun ministro ohi denak idatzian zehazten duenez, zerga igoerak eta pandemiaren aurkako neurriek bultzatu dute horretara. Joan den hilean, buruzagi kontserbadoreak argi utzi zuen ez zetorrela bat maskararen erabilera derrigortzearekin, eta are gutxiago txertaketa ziurtagiria ezartzearekin.

Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, lehendik ere iragarria zuen ministroak kargua uzteko asmoa; besteak beste, EBtik irteteko negoziazioak blokeatuta zeudelako. Hala, urtarril amaieran uztekoa zuen kargua, baina erabakia aurreratu egin zuen Frostek, komunikabideek haren asmoak filtratu zituztenean. Johnsoni bidalitako gutunean, Frostek dio brexit-a «ziurtatuta» dagoela, eta Londresko gobernuari dagokiola orain batasunetik irten izanak «eskaintzen dituen aukerak» baliatzea. Atzerrri ministro Liz Trussek hartuko du orain negoziazioen ardura.

Krisi betean

Aste oso txarrak izaten ari dira lehen ministroarentzat berarentzat ere. Kolpe gogorrena, Frosten dimisioarekin batera, joan den asteartean jaso zuen buruzagi kontserbadoreak, bere alderdiko ehun kidek pandemiaren aurkako neurrien kontra bozkatu zutenean. Bi egun geroago, gainera, North Shrophsireko eserlekua galdu zuen alderdi kontserbadoreak —bi mendez alderdiarena izandakoa—, liberal demokraten mesedetan.

Kontserbadoreen artean gero eta gehiago dira uste dutenak Johnsonek ez duela agintaldia amaituko eta haren azkena udaberrian helduko dela, zerga igoerarekin, eta maiatzeko bozetan kontserbadoreei iragartzen dieten gainbeherarekin. Hala ere, ez dago argi zer egingo luketen lehen ministroaren alderdikideek, zenbaitek iragarri moduan, urtarril amaieran haren aurkako konfiantza mozio bat aurkeztuko balitz. Izan ere, gobernuburuaren alderdikideen artean oraindik ere gehienak bat datoz esaterakoan pandemia ez dela garairik onena alderdi barruan krisi bat sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.