Errusiako Armadak Itsaso Beltzean dituen ontziek lehergailuak jaurti dituzte Erresuma Batuko Defender destruktoretik gertu. «Aurrez destruktoreari ohartarazi genion suzko armak erabiliko genituela Errusiaren menpeko uretan sartzen bazen. Ez zion abisuari erantzun», adierazi du Errusiako Defentsa Ministerioak idatzi batean.
Kostazainek Erresuma Batuko ontziari ohartarazteko bi tiro egin dituzte, eta jarraian Su-24M hegazkin batek beste lau bonba bota ditu itsasontziaren parean. «Kostazainek eta Itsas Armadak elkarlanean egindako ekintzek itsasontzia Errusiaren menpeko uretatik irtenarazi dute».
Gertatutakoaren ostean, Erresuma Batuko enbaxadak azalpenak eskatu dizkio Errusiarako ordezkariari. Londresek, baina, ukatu egin du ohartarazpen surik egon izana. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainako uretan zegoen itsasontzia, eta ez Errusiakoetan —Krimeako penintsula Ukrainako eskualde autonomoa izan zen, 2014an Krimeako Errepublika aldarrikatu eta Errusiarekin bat egin zuen arte; nazioarteak, baina, ez du anexioa onartu—.