Mundua

Erresuma Batuko gerra hegazkinek Pakistango hegaldi bat desbideratu egin dute Ingalaterrako aire eremuan

Bi lagun atxilotu dituzte. Erresuma Batuak gerra hegazkinak bidali ditu Pakistandik Manchesterrera joatekoa zen hegazkin zibil bat desbideratzeko. 297 bidaiari zihoazen Pakistango PIA konpainiaren hegaldian. Lahoretik 09:35ean irten eta Manchesterren 14:00etan lur hartzekoa zen, baina bidaia amaitzeko hamar bat minutu falta zirela, gertakariren bat izan da hegazkinean, oraindik argitu gabea, eta Stansted-eko aireportuan lur hartu du airekoak.

Berria.info
2013ko maiatzaren 24a
17:01
Entzun

Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak jakinarazi du gerra hegazkinak airreratu dituela Manchesterrren lur hartzekoa zen Pakistango bidaiari hegaldi batean "gora-beheraren bat" izan delako. Hegazkin zibilak Stanstedeko aireportuan lur hartu du, eta gune bakartu batean daukate. Segurtasun indarrek, hala ere, ez dute uste eraso terrorista bat izan denik, Sky News telebista kateak jakinarazi duenez.

Erresuma Batua asteazkenetik alerta egoeran dago, Londresko Woolwich auzoan ustezko ekintzaile islamistek soldadu bati lepoa moztu ondoren. Hala ere, hegaldi batean gertakariren bat izanez gero, gerra hegazkinak bidaltzea ohiko prozedura dela zehaztu dute segurtasun iturriek. Eraso terrorista baten arriskua apaltzen saiatu diren arren, lehen unean Pakistandik Erresuma Batuko aire eremura iritsitako hegazkinean "gora-behera serioren bat" izan dela adierazi dute.

Bi lagun atxilotu dituzte hegaldia arriskuan jartzea egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.