Azken astean Erresuma Batuan gertatutako istilu larrien ondoren, gobernua gertaerak aztertzen ari da. Neurri garrantzitsuena Polizia indartzea izango da, eta Theresa May barne ministroak azaldu du "behar adina botere" emango zaiela aurrerantzean ere, horrelako egoerei aurre egin ahal izateko.
Poliziari etxeratze aginduak jartzeko eskubidea emango diotela ere aurreratu du Mayk, aginduok guneka eta edadeka jarri ahal izango dituztelarik.
Erresuma Batuko protestetan parte hartu zutenek kaltetutako guneak konpondu eta garbitu beharko dituzte, lehen ministrorde Nick Cleggek azaldu duenez, "lehen aldiz delitu egin dutenek berriz egin ez dezaten".
Balantze beltza utzi dute lau eguneko istiluek, bost pertsona hil baitituzte.