Erresuma Batuko Gobernuak eskumen gehiago eman nahi dizkio Poliziari

Baimena izango dute etxeratze aginduak ezartzeko; erantzuleek txikizioak konpondu beharko dituzte

2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ezin da ukatu aurreko asteko istiluek Erresuma Batuko dendak, etxeak eta kaleak hankaz gora jarri dituztenik, baina, horrez gain, agerian utzi dituzte Poliziaren eta gobernuaren arteko desadostasunak. Scotland Yardek kritikak jaso ditu herritarren aldetik, eta, batez ere, David Cameron lehen ministroaren ahotik. Bigunegi jokatzea leporatu diete, besteak beste. Hala, Poliziari botere handiagoa ematea erabaki du gobernuak, berriz halakorik gertatuz gero neurri gogorragoak har ditzaten.

Theresa May Erresuma Batuko Barne ministroaren arabera, Poliziak eskumen gehiago behar ditu liskarrei aurre egiteko, baina betiere «legearen barruan eta zentzuz jokatuz». Botere horien artean egongo litzateke 16 urtetik beherako gazteei etxeratze agindua ezartzeko eskubidea. Orain arteko legearen arabera, Poliziak ezin die etxeratze agindua eman adin txikikoei, eta gune baterako sarrera debekatu ahal izateko, aurrez baimena eskatu beharra dute. Horrez gain, manifestariak sakabanatzeko boterea ere izango lukete. Dena den, gomazko pilotak, borrak eta presio handiko ur txorrotak erabiltzearen aurka agertu da May.

Poliziaren aurrekontuan egin nahi duten murrizketaren inguruan ere aritu da May. Haren arabera, aurrekontua %20 murrizteak ez du esan nahi polizia kopurua gutxituko denik; are gehiago, Barne ministroaren ustez beharrezkoa da poliziaren presentzia handitzea. Izan ere, orain polizien %12a baino ez da kalean ibiltzen aldi berean. «Garrantzitsuena agerian eta prest egotea da», adierazi du Mayk.

Poliziak, bestalde, bere buruaren alde egin du beste behin, istiluak era «espontaneo» batean gertatu zirela esanez, eta, hortaz, ez zegoela gertatuko zenaren berri izaterik.

Txikizioak konpontzeko ordua

Bestetik, Nick Clegg lehen ministrordeak iragarri duenez, liskarretan parte hartu zutenek konpondu beharko dituzte eragindako txikizioak, laranja kolorez jantzita. Horrez gain, aurrez aurre jarri beharko dira biktimekin, istiluek «giza ondorioak» izan dituztela ikusteko, eta barkamena eskatzeko aukera izan dezaten. Neurri horiekin, gainera, lehen aldiz legea hautsi dutenek berriro ez haustea lortu nahi dute. Cleggen hitzetan, «berriz horrelako txikizioak egitea eragotziko duten zigorrak ezartzea da biktimak babestuta sentitzeko modu bakarra». Liskarren eraginak jasa dituzten lagun eta auzoentzat, bestalde, batzorde independente bat sortuko dute.

Cameron, berriz, Londresko Tottenham auzoan izan da —han hasi ziren protestak, abuztuaren 6an—, eta etxerik gabe geratu diren 200 lagunekin elkartu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.