The Independent egunkariak gaur argitaratu duenez, Erresuma Batuko Gobernuak eta Muammar Gaddafik "harreman oso estua" zuten koronelaren aurkako erreboltak hasi ziren arte. Harreman hori frogatzen duten agiriak kaleratu ditu egunkariak, eta besteak beste, Erresuma Batuko Gobernuak Gaddafiren erregimenaren kontrako oposizioko kideen gaineko informazioa eman ziola salatu du.
Erresuma Batuko funtzionarioak Gaddafirentzat hitzaldi bat idatzi zutela ere dio The Independentek. Agiri horien arabera, ordea, ez da hori Gaddafirekin harreman berezia izan duen gobernu bakarra. CIAren ezkutuko hegaldiak direla eta, AEBek Libiara presoak galdekatu zitzaten bidali zituela frogatzen duten agiriak ere argitaratu ditu. Agiri guztiak Mussa Kussaren bulegoetan aurkitu dituztela dio egunkariak. Kussa Gaddafiren Atzerri ministroa zen, oso hurbilekoa, eta errebolta hasi zenean Erresuma Batura ihes egin zuen, babes eske.