Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi du ez duela eskumenik abortuaren legeaz erabaki bat hartzeko, eta, hortaz, baztertu egin du helegitea. Goreneko lau epailek egin dute helegitearen kontra, eta, hiruk, berriz, alde. Gorenak, hala ere, adierazi du egun indarrean dagoen abortuaren legea ez dela bateragarria giza eskubideekin. Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren kontrakoa dela zehaztu du.
Irlandako Errepublikan erreferenduma egin zuten joan den maiatzaren 25ean. Egun horretan herritarren %66k babestu zuten abortuari buruzko munduko lege gogorrenetakoaren kontra egitea, eta, abortatzea despenalizatzea; haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan abortatzea legezkoa izango da aurrerantzean.
Ipar Irlandan, baina, abortatzeak debekatuta egoten jarraitzen du. Eta ez dirudi legedia aldatzea erraza izango denik. Stormonten gobernurik gabe daude iazko urtarriletik, eta, bi alderdiek dituzten desadostasunen zerrenda luzeari beste bat gehitu zaio orain; abortuarena. DUP Alderdi Unionista Demokratikoa oso kontserbadorea da eta jada iragarri du ez dagoela bere asmoen artean abortuaren legea berrikustea.