'Brexit'-a

Erresuma Batuko lehen ministro izendatu dute Boris Johnson

Theresa Mayk gaur aurkeztu dio dimisioa Elisabet II.a erreginari, eta "zorte ona" opatu dio lehen ministro berriari: "Erresuma Batua EBtik arrakastaz irtetea izango da haren lehentasuna, Erresuma Batu osoan funtzionatzeko gisan". Johnsonek hitzeman du EBrekin akordio "berri eta hobea" lortzen saiatuko dela.  

Boris Johnson, gaur, lehen ministro izendatu berritan. ERRESUMA BATUKO GOBERNUA.
2019ko uztailaren 24a
15:30
Entzun

Brexit-aren aldeko pertsonarik ezagunenetako bat izango da gaurtik aurrera Erresuma Batuko lehen ministro: Boris Johnson kontserbadorea, Atzerri ministro ohi eta Londresko alkate ohia. Theresa Mayk dimisioa iragarri eta Alderdi Kontserbadoreko barne hauteskundeak irabazi ondoren hartu du kargua, gaur, ohiko protokoloa betez: Downing Street-en hitzaldi bat egin du Mayk, Elisabet II.a erreginari dimisioa jakinarazi, hark onartu, eta Johnson joan da ondoren erreginarenera. Hark izendatu du lehen ministro.

Kargu horretan egindako lehen hitzaldian, brexit-erako akordio "berri" bat negoziatuko duela hitzeman du, aurrekoa baino "hobea". Lehen ere adierazi izan du datorren urriaren 31 baino lehen "kale edo bale" egin behar dela EBtik irteteko auzian —EB Europako Batasunak luzatze posiblerik gabeko epemuga hori jarri zion Erresuma Batuari—

Lehen ministro gisa egindako azken hitzaldian, Mayk iragarri du "Erresuma Batua EBtik arrakastaz irtetea" izango dela Johsonen lehentasuna: "Lan horretan arrakasta badu, hasiera berri bat izango da gure herrialdearentzat, berritze nazional bat, oraingo geldialditik harago etorkizun distiratsu batera eramango gaituena. Haren arrakasta herrialdearen arrakasta izango da". Lehen ministro izatea "ohore" bat izan dela esan du, eta ziurtatu du "ahal duen guztia" egiten jarraituko duela parlamentari gisa.

Goizeko parlamentuko saioan, eztabaida gogorra izan du lehen ministro ohiak Jeremy Corbin laboristen buruarekin. "Nik onartu dut amaitu dela nire denbora alderdiko buruzagi gisa", esan dio: "Agian, bada garaia zeuk ere berdin egiteko, ez duzu uste?".

Johnsonen izendatzeak dimisioak ere eragin ditu toryen artean. Philip Hammond Ekonomia ministroak eta, atzo, David Gauke Justiziakoak eta Rory Stewart Nazioarteko Lankidetzakoak egin bezala. Hammondek azaldu izan duenez, ez daude prest akordiorik gabeko brexit-a onartzeko, eta Johnsonek ez du baztertu aukera hori orain arte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.