Erabat errotuta dagoen pobreziari, etengabe areagotzen ari den indarkeriari, mundu mailako krisi ekonomikoari, ustelkeriari, sistema judizial ahulari, indigenen eskubideen urraketari... Arazo horiei guztiei eta gehiagori ere egin beharko die aurre gaurko hauteskundeetatik garaile ateratzen den presidenteak; erronka sorta oparoa izango baitu bost urteko agintaldian. Panamak dituen 3,3 milioi biztanleen heren bat pobrezian bizi dira; indarkeria %47 handitu zen iaz aurreko urtearekin alderatuta; narkotrafikoak segurtasun eza areagotu du; sistema judizialaren gabeziak demokrazia urratzerainokoak dira, eta indigenen eskubideak urratuta jarraitzen dute Panaman.
Hiru dira gaurko bozetan lehiatuko diren taldeak; izan ere, alde bateko zein besteko alderdiek aliantzak eratu dituzte indarrak batze aldera. PRD Alderdi Iraultzaile Demokratikoko Balbina Herrera -egun agintean dagoen alderdiko ordezkaria-; CD Aldaketa Demokratikoko Ricardo Martinelli, eta VMP Aberriaren Abangoardia Moraleko Guillermo Endara presidente ohia (1989-1994) dira presidentetza eskuratzeko aukera izango dutenak.
Hautagai kritikatua
Martinelli enpresaria da inkestetan faborito; izan ere, eskuineko hautagaiak orain arte oposizioan izan diren lau alderdiren -berea barne- sostengua jaso du. Herrerak ere bereaz gain, beste bi alderdiren babesa jaso du bozetan, baina litekeena da egun agintean dagoen alderdi sozialdemokratak bozak galtzea; izan ere, herritarren artean ez da begi onez hartu hautagairen izendapena. 1989an AEB Ameriketako Estatu Batuen inbasioa babesten zutenen kontra makilez borrokatu zirenen artean dago Herrera -Manuel Antonio Noriega jeneralaren diktadura babestu zuen PRDk-.
Alderdi Sozialdemokrata, baina, garai batean baino heterogeneoagoa da egun, eta hautagaitza horrek min egingo diola uste dute adituek; batez ere, diktadura garaiko mamuak oraindik agerian direlako. Martin Torrijos presidenteak, hala ere, haren aldeko boza eskatu zuen hauteskunde kanpainako azken ekitaldian: «Zuk ni babestu ninduzun,eta orain nik zu babestuko zaitut».
Orotara 2,2 milioi lagunek izango dute boza emateko aukera eta presidenteaz gain, legebiltzarkideak eta alkateak aukeratu beharko dituzte. Atzerrian bizi diren herritarrek aurreneko aldiz eman ahal izan dute boza; hala nola presoek eta gaixoek. Panamako zazpi talde indigenek euren eskubideak bermatzeko eskatu diete hautagaiei.
Erronka sorta Panaman
Gaurko bozetatik garaile aterako den presidenteak pobreziari eta segurtasun ezari egin beharko die aurre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu