Israelgo Auzitegi Gorenak errugabetzat jo du Israelgo armada, Rachel Corrie AEBetako ekintzailearen heriotzaren inguruko kasuan. 23 urteko gaztea 2003an hil zuten Gazako Rafah herrian. Palestinarren aldeko protesta batean parte hartzen ari zenean, armadaren hondeamakina batek azpian harrapatu zuen. Auzitegiak ebatzi du gertaera «istripu» bat izan zela, eta ekintzailek bazekiela arriskuan zegoela. «Zoritxarreko ezbehar bat izan zen, eta ez nahita eragindakoa», adierazi du Oded Gershon epaileak.
Stacy Sullivan hildakoaren familiaren bozeramaileak jakinarazi du auzitegiaren erabakiarekin «atsekabetuta» daudela eta helegitea aurkeztuko dutela epaiaren aurka: «Israelgo armada axolagabe aritu zen, eta hilketaren erantzule egin behar dute». Familiak 300.000 dolarreko kalte-ordaina eskatu zuen, hondeamakina gidatzen zuen soldaduak Corrie nahita hil zuela iritzita.
Gershonen arabera, ordea, soldadua errugabea da: «Makinaren gidariak ikus ez zezakeen lekuan gelditu zen zutik. Ez zen baztertu edozein pertsona zuhurrek egingo lukeen moduan, eta berak eragindako istripu baten ondorioz hil zen». Hori horrela, epailearen esanetan, kalte-ordainik eskatzeko «inongo arrazoirik» ez dago. Corrie familiaren abokatuaren iritzian, berriz, epaiak giza eskubideen «oinarrizko printzipioak» urratzen ditu: «Protesta baketsu batean hil zuten arren, armadaren zigorgabetasuna indartu nahi izan dute». Hala ere, aitortu du erabakiak ez duela ustekabean harrapatu.
Corrie gertaeraren unean palestinarren eskubideen aldeko protesta batean ari zen parte hartzen. Hain zuzen ere, Rafah herriko etxebizitzen lurreratzeak gelditzeko eskatzen ari ziren hainbat ekintzaile. Armadak hasieratik esan zuen hondeamakinaren gidariak ez zuela gaztea ez ikusi ez eta entzun ere. Horrez gain, adierazi zuen behin eta berriz eskatu ziela ekintzaileei inguru hartatik erretiratzeko. Bertsio hori berretsi egin du epaileak: «Corrie legez kontra zegoen eremu militar horretan».
Errugabe jo dute Israel, AEBetako ekintzaile baten heriotzaren inguruko kasuan
Rachel Corrie Israelgo armadaren hondeamakina batek azpian harrapatuta hil zen Gazan, 2003an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu