Errumaniako herritarrek «estatu kolpea» arbuiatu dutela adierazi du Basescuk

Presidentea kentzearen alde %87k baino gehiagok egin dute, baina %46k soilik parte hartu dute galdeketan

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Traian Basescu Errumaniako presidentea kanporatu ala ez erabakitzeko galdeketan, txikia izan da parte hartze. Hauteskunde Bulego Zentraleko datuen arabera, %87 baino gehiago agertu dira presidentea kentzearen alde, baina herritarren %46,13k soilik hartu dute parte. Hala, areagotu egin da presidente kontserbadorearen eta sozialisten eta liberalen gobernuaren arteko gatazka.

Emaitzen berri izanda, bere burua garailetzat jo du Basescuk, eta herritarrek «estatu kolpea arbuiatu» dutela adierazi. Bestalde, gaitzetsi egin du erreferendumak Errumaniako herritarrak «bitan zatitu» izana. Presidentea kargutik kentzeko galdeketa PSD Alderdi Sozialdemokratako lehen ministro Victor Pontak bultzatu zuen, parlamentuko gehiengoaren babesarekin. Botoa eman dutenek presidentea kargutik kentzearen alde egin dutenez, Pontak esan du Errumaniako herritarrek Basescu errefusatu dutela. Presidenteak zalantzan jarri du zilegizkoa otea den Ponta Lehen ministro izatea aurrerantzean ere, «bederatzi milioi lagunen ahotsari kasu egiten ez dion politikaria ez delako errealista ».

2004tik da herrialdeko buruaBasescu. Bi aldiz egon da kargutik kendua izateko arriskuan bost urtean. 2007an Oinarrizko Legearen aurka egiteagatik bota nahi izan zuten sozialdemokratek eta liberalek, baina herritarrik gehienek karguan uztearen alde egin zuten. Oraingo emaitzei esker, berriz, Basescuk bere agintaldia bukatu ahalko du.

Lanerako eskaera Europatik

Europako Batzordean ordezkaritza duen S&D Sozialistak eta Demokratak Europako sozialisten eta demokraten taldekoek adierazi dute erreferendumean ez dela galtzailerik egon. S&Dko presidente Hannes Swobodak batera lan egiteko eskatu die herrialdeko alderdi guztiei, galtzailea Errumania izan ez dadin. Basescuri erreferentzia eginez, Swobodak ihardetsi du galdeketa Errumaniako Konstituzioan jasota dagoenez estatu kolpeaz hitz egiteari utzi beharko liokeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.