Errusia Batuaren gehiengo osoarekin hasiko du Putinek aro berria

Gehiengo absolutua eskuratuko duen arren, Errusia Batuak parlamentuan dituen bi herenak galduko ditu, galdeketen araberaLehen ministroa presidente aukeratzeko bozen atarikoa izango da gaurkoa

2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Hauteskunde sistemarekiko mesfidantza nagusitu da Errusiako Parlamentuko gaurko bozetan. Azken orduko ezustekorik ezean, 450 aulkiz osatutako legebiltzarraren gehiengo osoa lortuko du Dmitri Medvedev egungo presidentearen Errusia Batua alderdiak; zailagoa izango du, baina, 2007ko hauteskundeetan lortu zituen 315 eserlekuei eustea: azken galdeketen arabera, bozen %53 eskuratuko dituzte. Hala, Medvedeven ordezko eta egungo Errusiako lehen ministro Vladimir Putin boterean jartzeko lehen urratsa izango da gaurkoa. Hori, dena den, 2012ko martxoko bozetan erabakiko dute herritarrek.

Zazpi alderdi aurkeztuko dira gaur. Hauteskunde kanpaina aspergarria egin dute, eta Errusia Batuari buruzko ustelkeria salaketak izan dira kanpainako pizgarri bakarrak. Oposizioko alderdiek, hain justu, Internet bidez agerian utzi dituzte Medvedeven alderdikideek etafuntzionarioek egindako irregulartasunak; horiek kontrolatu behar dituen Hauteskunde Batzorde Zentralak, baina, ez die jaramonik egin nahi izan, eta bozak bere horretan mantendu ditu. Hain zuzen,Vladimir Churov batzordeko burua Kremlingo «txotxongiloa» dela uste dute herritarrek, eta bozen legezkotasuna ziurtatzeko baldintzak ez dituela beteko.

Hauteskunde sistema bere neurrira egin du Errusia Batuak. Parlamentuan sartzeko botoen %7 behar da gutxienez — orain arte %5 zen —, eta bi alderdik edo gehiagok debekatua dute bozetara batera joatea. Dena dela, botoen %5 eskuratzen duten alderdietako batzuek eserleku bat lortzeko aukera izango dute emaitzen arabera. 2007ko hauteskundeetan Medvedeven alderdiaz gain soilik beste hiruk gainditu zuten gutxieneko muga; Alderdi Komunistak —bigarren geratu zen—, dena dela, botoen %11,5 jaso zituen, Errusia Batuaren %64tik oso urruti. Gainera, legealdia bost urtetara luzatu dute — orain arte lau ziren—, eta Putinek Errusiaren kontrola eskuratu dezake datorren hamarkada osorako.

Behatzaile bat, atxilotua

Oposizioko alderdien arabera, hauteskunde kanpaina ez da gardena izan. Alderdi Komunistako eta Errusia Justua alderdiko ordezkariek, hau da, galdeketen arabera bigarren eta hirugarren postuetan kokatuko direnek haien jarraitzaileei protesta egitera irteteko eskatuko dietela mehatxu egin dute, baldin eta bozetan iruzurretan aritzen badira. Alderdi politikoetatik haratago, gainera, gobernuz kanpoko erakundeek ere gogor salatu dute Medvedeven kanpaina.

Horren ondorioz, kalteturik irten da Golos gobernuz kanpoko erakundea. Ostegunean 700 euroko zigorra jarri zioten Errusia Batua alderdiaren aurkako kanpaina egin izana egotzita. Izan ere, erakundeak herritarren kexuak biltzeko webgune bat jarri du Interneten, eta salaketa gehienak alderdi nagusiari eta Medvedevi buruzkoak izan dira. Errusiak jarritako isuna dela-eta kezka azaldu dute AEBek, gobernuak behatzaileen aurka egindako «jazarpen sistematikoagatik».

Halaber, atzo Lilia Xibanova erakundeko burua atxilotu zuten Moskuko aireportuan, Poliziaren hitzetan, haren ordenagailuan legez kanpoko programak daudelako. Xibanovak, baina, salatu du atxiloketaren bidez datorren astearteko Europako Parlamentuko bilerara joatea saihestu nahi diotela. Bertan Errusiako bozen legezkotasuna aztertuko dute, eta Kremlin hori dela-eta urduri dagoela nabarmendu du ekintzaileak, behatzaile independenteek esan dezaketenagatik.

«Bozen behaketaz arduratuko den gobernuz kanpoko erakundeari jazartzea ez da zuzena; horren bidez lortzen den bakarra geure irudiari kalte egitea da», adierazi du Mijail Fedotov Kremlini lotutako Giza Eskubideen Batzordeko buruak. Halako eztabaidak soberakoak direla uste du, Errusiako bozek berezko zailtasunak dituztelako. Herrialdea bederatzi ordu eremutan banaturik dago, eta, beraz, hauteskunde eguna 21 ordukoa izango da. 96.000 hautesleku izango dira orotara, eta nazioarteko 700 behatzaile inguru, aurreko bozetan egon zirenak baino nabarmen gutxiago.

Luzatutako ibilbidea

Errusia Batuaren garaipenak zapore gazi-gozoa izango du, gehiengo absolutua lortuta ere, Errusiako Parlamentuko bi herenak galduko dituelako. Orain arteko nagusitasunak konstituzio erreformak egiteko erabateko erraztasuna eman dio, eta oposizioaren gainetik, jaun eta jabe izan da. Hala ere, Errusiako boterea gobernuan oinarriturik dago, eta parlamentuko eserlekuak gutxitzeak, azken finean, erreforma garrantzitsuak egiteko aukera murriztu baino ez dio egingo alderdi nagusiari. Horregatik, aurreikuspenak bete eta martxoko bozetan Putinek garaipena lortzen badu, Errusia Batuak ez du botere galera nabarmenik izango.

Aldiz, Medvedeven eta Putinen irudiek jasan dituzte kalterik esanguratsuenak. Putinek herritarren babesa galdu du 2008az geroztik. Orduko presidentetzarako hauteskundeetan ezin izan zuen bigarren aldiz jarraian aurkeztu, etaMedvedev babestu zuen gobernuburu izateko. Agintaldian, ordea, lehen ministroaren menpe egon da presidentea, eta herritar gehienek uste dute Putin izan dela Errusiako gobernuburua azken urteetan.

Orain, karguak trukatuko dituzte, nahiz eta gizarteak uste duen Putinen aroa igaro dela eta ibilbide politikoa luzatzea baino ez duela nahi. «Boterera heldu zenean herritarrek onurak lortu zituzten, eta horregatik babestu zuten; baina uneotan Errusia nazioartean bakarturik geratzen ari dela ikusi dute; herrialdea ez dela altxatzen, eta engainatu egin dituztela», ohartarazi du Dimitri Orshkin analista politikoak.

Gainera, hainbat alderdik ezin izan dute hauteskundeetara aurkeztu, eta horrek areagotu egin du iruzur sentimendua. Errepublikanoen Alderdiak, esaterako, ez du legezkotasuna eskuratu, nahiz eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak haren alde egin duen, eta Parnas alderdiak ere ezin izan du bozetara aurkeztu. Protesta egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.