Protestak herrialde arabiarretan

Errusia Siriaren aurkako zigor ebazpena aztertzeko prest agertu da

Ontzat jotzeko, erregimenaren eta manifestarien indarkeria salatu beharko lituzke testuak

Erredakzioa
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Siriako errepresioaren aurkako zigor ebazpena onartzeko prest dago Dimitri Medvedev Errusiako presidentea. Hori bai, zigor ebazpena ez litzateke Bashar al Assad presidentearen erregimenaren aurkakoa soilik izango; manifestarien indarkeria ere zigortu beharko luke ebazpenak.

Izan ere, Medvedeven arabera, Siriako manifestariak ez dira «Europako demokraziaren bultzatzaile soilak». Errusiako presidentearen hitzetan, «batzuk muturrekoak dira, eta terroristak ere dei diezaiekegu». Hala, bi aldeen arteko elkarrizketak bultzatzea izan beharko luke Segurtasun Kontseiluaren ebazpenaren helburua, «odol gehiago ez isurtzeko».

Errusiako Gobernuko ordezkariekin bildu zen atzo Siriako oposizioa, eta «jarrera irmoa» izateko eskatu zien. Ammar Kurabi Siriako Giza Eskubideen Erakunde Nazionaleko zuzendariak, berriz, Libian egindako «oker» bera ez errepikatzeko eskatu dio Errusiari. «Errusiak berandu onartu zituen Libiako agintari berriak».

Dmitri Marguelov Atzerri ministroaren hitzetan, «Libia eta Siriako gatazkak ezberdinak dira, bi herrialde desberdin direlako». Hala, Siriako gatazka nazioarteko esku hartzerik gabe konpondu behar dela adierazi du Marguelovek. «Siriako herritarrek baino ez dute herrialdean bertan gertatzen diren arazoak konpontzeko eskubidea».

Hamasei hildako protestetan

Estatuko indarrek hamabost urteko gaztea hil zuten atzo Idlib probintziako protestetan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Beste hainbat hiritan, berriz, gutxienez hamabost lagun hil zituzten. Ostiralero bezala, kalera irten ziren atzo herritarrak, eta nazioarteko behatzaileak bidaltzeko eskatu zuten, «odol gehiago isur ez dadin». Martxoan protestak hasi zirenetik, 2.000 lagun baino gehiago hil dituzte, gehienak zibilak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.