Ekialde Hurbila

Errusiak adierazi du Turkiarekin "harremanetan" dagoela Afringo erasoaldiari buruz

Moskuk AEBei egotzi die "kurduen artean sentimendu separatistak" sustatzea. Turkiako hedabideek diote armada eta talde armatuak zortzi kilometro barneratu direla Afrinen. 

mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 22a
15:10
Entzun

"Operazioaren garapena hurbiletik zaintzen ari gara. Errusiako ordezkariak harremanetan daude Siriako eta Turkiako buruzagitzekin", adierazi du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak prentsaurreko batean. Kazetariek galdetu diote ea Turkiaren asmoen berririk bazuten erasoaldia hasi aitzinetik, baina Peskovek ez du erantzun. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, berriz, AEBen jarrera kritikatu du, horiek Siriako kurduengan independentismoa sustatu dutelakoan. "Edo ez dute egoera ongi ulertzen, edo nahita egindako probokazio bat da". Errusiak hilaren 29an eta 30ean bake konferentzia bat egin nahi du Sotxi hirian, eta Lavrovek erran du "ordezkari kurduak" gonbidatu dituztela.

Turkiak herenegun hasi zuen Siria barneko Kurdistango Afrin kantoi autonomoaren aurkako erasoaldia. Hurriyet egunkariaren eta Haberturk telebistaren arabera, soldaduak eta horiek babesten dituzten Siriako talde armatuak zortzi kilometro barneratu dira kantoian. Murad Sultanaren Brigada izeneko talde armatuko komandanteak, berriz, erran du lau herri hartu dituztela Turkiako soldaduen laguntzarekin. Gehienbat turkmen etniako kideak ditu brigada horrek, eta gerran Siriako armadaren eta kurduen milizien aurka borrokatu da.

AEBetako ordezkari militarrek duela hamar egun jakinarazi zuten boluntario kurduekin eta arabiarrekin 30.000 kideko "mugako indar bat" sortzen hasiak zirela, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak kontrolatutako eremuaren mugetan ezartzeko, EI Estatu Islamikoaren "berpiztea eragozteko". Turkiak mehatxutzat hartu zuen hori, eta Afrin inbadituko zuela adierazi zuen joan den astean. Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkariak gezurtatu egin zuen mugak zaintzeko indar bat sortzen laguntzeko asmoa zutela, baina Ankarak inbasiorako planekin jarraitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.