Hainbat astez halakorik ezin zela baieztatu esan eta gero egin du iragarpena FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak: urriaren 31n Sinaiko penintsulan jausi zen Errusiako Airbusa barruan leherrarazi zuten lehergailu batek bota zuen. Zehazki, 1,5 kilo trilita lehertu zutela adierazi du Alexander Bortnikov FSBko buruak.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du Sirian EIren kontra egiten ari diren bonbardaketak indartu eta areagotu egingo dituela. "Kriminalek ulertu behar dute mendekua saihetsezina dela".
Atentatuan, Xarm el-Xeikhetik irten eta San Petersburgorako hegaldian zihoazen 224 bidaiari hil ziren.
Hipotesien gerra
Estatu Islamikoaren atentatu bat izan zitekeelako susmoak azkar zabaldu ziren; bereziki, talde islamistaren adar batek komunikatu baten bidez jakinarazi baitzuen bera zela hegazkina erori izanaren erantzulea. Egiptoko eskualde horretan talde islamista aktiboak badaude ere, agintariek ez zioten sinesgarritasunik eman ez mezuari eta ez bideoari. Atentatuaren egunean, Errusiako eta Egiptoko gobernuek gezurtatu egin zuten EIren eraso bat izan zela.
Baina handik pare bat egunera, hegazkina atentatu baten ondorioz eraitsi izana ezin zela baztertu adierazi zuen Kremlinek. Ezbeharra zerk eragin zuen argitu aurretik Londres eta Washington atentatu baten ustea zabaltzen aritu izana gogor gaitzetsi zuten Errusiako agintariek. Baina, era berean, FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federaleko buruaren gomendioa aintzat hartu, eta Errusiatik Egiptorako hegaldi guztiak bertan behera utzi zituzten hegazkina zergatik erori zen argitu artean.