Errusiak arbuiatu egin du AEBek Siriarako proposatu duen ebazpen berria, "alde guztiei pausoak ematera" dei egiten ez dielako. "Ebazpenaren arazo nagusia da alde guztiei ez dizkiela eskatzen indarkeriaren amaiera lortzeko pauso praktikoak", esan du Guennadi Gatilov Errusiako Atzerri Gaietarako ministrordeak.
"Ezin dugu ados egon proiektuarekin, orain aurkeztu den moduan. Ebazpenaren testua ez da orekatua", gaineratu du.
NBEko Segurtasun Kontseiluak astelehenean aztertuko du ebazpena, eta Errusiak onartuko ez duela aurreratu du Gatilovek. "Denbora ez da garrantzitsuena guretzat, garrantzitsuena testu errealista bat lortzea da", esan du.
AEBen proposamenak Damaskori dei egiten dio manifestarien aurkako erasoak bertan behera uzteko, eta laguntza humanitarioa martxan jartzeko.