Ukraina

Errusiak behin-behineko base militar bat eraiki du Ukrainako mugatik gertu

Martxo amaieratik zortzi militar ukrainar hil dituzte mugan. Donbassen izan da Zelenski presidentea.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, Donbassen dauden soldaduekin, atzo. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 8a
17:56
Entzun

Errusiak esan du ez duela asmorik Donbasseko gatazkan esku hartzeko, baina «egoeraren araberako neurriak» hartzeko aukera erabat baztertu gabe. Ez du zehaztu neurriok zer-nolakoak liratekeen, ordea, ez eta egoerak zenbateraino okerragotu beharko lukeen ere Moskuk milizia errusiazaleei laguntzeko urratsa egiteko. Baina sare sozialetan zabaldu dituzten irudi eta bideoek pentsarazten dute Vladimir Putinen gobernua hasia dela badaezpadako pausoak ematen. Lekukoen arabera, izan ere, Donbass eskualdetik 170 kilometrora behin-behineko base militar bat eraiki du. Informazio horien arabera, morteroak ere Ukrainarekiko muga aldera eramaten ariko litzateke Errusiako armada.

Martxo amaieratik tentsioa handituz joan da Errusia eta Ukrainaren artean. Bi estatuek Donbass inguruetan tropak hedatzea egotzi diote elkarri, eta Ukrainako militarren eta milizien arteko borroketan gutxienez zortzi soldadu hil dira orduz geroztik —24 urtea hasi zenetik—, azkena ostegun goizaldean bertan, tiroz.  Egoera horretan, ezusteko bisita egin du Volodimir Zelenski presidenteak. Gerra frontera egindako bidaian, Zelenskik berretsi du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea dela gatazka amaitzeko «irtenbide bakarra». Errusiak, baina, ohartarazi dio halakorik egiteak egoera okerragotuko lukeela.

Putin, berriz, Alemaniako kantziler Angela Merkelekin jarri da harremanetan. Moskuk zabaldu duenez, «kezka» agertu dio Merkelek, tentsioa handitu egin delako. Errusiako presidenteak, ordea, Kievi egotzi dio erantzukizun osoa, eta 2014an eta 2015ean sinatutako Minskeko Akordioekiko konpromisoa berretsi du. Hitzarmen haietan su-eten bat adostu zuten bi aldeek, baina, hala ere, erasoak etengabeak izan dira, eta bi aldeek ituna urratzea egotzi diote elkarri.

Testuingurua okerrera egiten ari dela ikusita, Kieven izan da gaur Poloniako Atzerri ministro Zbigniew Rau, Ukrainako Gobernuak gonbidatuta. Rauk berak Ukrainaren jarrera defendatu du, eta ohartarazi herrialdeak «bere burua defendatzeko eskubidea» duela, gatazka okertu izanaren erantzukizuna milizia errusiazaleei egotziz. Baina bileraren helburu bakarra ez da izan Donbasseko egoeraz hitz egitea. Mahai gainean izan dituzte gaien artean egon da Ukraina EBn sartzeko prozesua ere.  

Etengabeko urraketak

Su-etena gainbegiratzeaz arduratzen den ESLA Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakudearen misio bereziak jasotako datuen arabera, apirilaren hasieratik 1.500 eraso egin dituzte Lugansken eta Donetsken. Kievek Errusia egin du gertatzen ari den guztiaren erantzule, eta ESLAra jo du laguntza eske. Herenegun egin zuten bilera alde guztiek, baina aurrerapausorik gabe amaitu zen. Soilik Moskuko ordezkaritzak egin zuen agerraldia, eta adierazi zuen ez duela zertan azalpenik eman bere mugen barruan egiten dituen mugimendu militarren inguruan.

Errusiako presidentetzarako eledun Dmitri Kozakek, bestalde, ohar bat helarazi dio Ukrainako Gobernuari, esanez «beste Srebrenica bat» egiten badute Donbass eskualdean, «lagundu beste aukerarik» ez dutela izango: «Ukrainak ekintza militarrak hasten baditu, haren amaiera izango da». Aldi berean, garrantzia kendu die AEBetako presidente Joe Bidenen azken egunetako adierazpenei —Bidenek iragarri du Errusiak erasora jotzen badu, Ukrainaren alde egingo duela—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.