NBEko Segurtasun Kontseilua bitan zatituta dago, eta ez da hurbilketarako tarterik ikusten. Siriari buruzko ebazpen bat bozkatzekoak dira gaur, baina kontsentsua ezinezkoa dela ikusita, baliteke bozketa atzeratzea beste behin. Ebazpena onartzeko, ezinbestekoa da kontseiluko bost kide iraunkorretako inork —AEBak, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak— kontrako betorik ez erabiltzea, baina Moskuk jada iragarri du Mendebaldeko hiru potentzien proposamena atzera botako duela. Gauzak bere onera ekartzeko hamaikagarren ahaleginean, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak bi egun egin ditu Moskun. Baina ez du ezer lortu. Vladimir Putin presidenteak Annanen bake plana babestuko duela berretsi du, baina baita Segurtasun Kontseiluan irmo jokatuko duela ere.
Vitali Txurkin Moskuk NBEn duen enbaxadoreak atzo aurreratu zuen zein izango den Errusiaren jarrera NBEn. Astelehen gauean Segurtasun Kontseiluko bileratik alde egin zuen Txurkinek, Erresuma Batuak aurkeztutako testua «erabat onartezina» dela iritzita. «Ez dugu norgehiagoka diplomatiko batean sartu nahi Segurtasun Kontseiluan, hau gai serioa da eta. Baina Moskuk argi laga du ebazpen horren kontra bozkatuko duela».
Kontua da etzi amaituko dela NBEko behatzaileek Sirian duten UNSMIS misioa, eta hori luzatzeko beste ebazpen bat onartu behar dutela lehenbailehen. Segurtasun Kontseiluko kide guztiak daude misioa luzatzearen alde, baina horrekin batera Siriaren kontrako zigor gehiago ezarri nahi dute Mendebaldeko potentziek. Aurkeztu duten proposamena, gainera, NBEko gutunaren zazpigarren kapituluan oinarritzen da, eta horrek nazioarteko esku hartze militarrari atea zabaltzen dio. Libian gertatutakoa berriz gertatzeko aukera dakar horrek, eta Mosku eta Pekin ez daude hori onartzeko prest —betoa erabiliz, bi ebazpen bota dituzte atzera dagoeneko Segurtasun Kontseiluan—.
AEBen interesen arabera
Bileratik atera ostean, 2003an Iraken gertatutakoa ekarri du gogora Txurkinek Inner City Pressi egindako adierazpenetan. Segurtasun Kontseiluak ez zuen esku hartze militarrik onartu orduan, baina Washingtonek ez zion jaramonik egin. «Eurek [AEBek] aurrera egin zuten nolanahi ere. Euren esku dago. Ebazpen hau esku hartze militarrerantz emandako pauso modura ikusten dute askok». Bestalde, izenik zehaztu bako Errusiako diplomatiko batek zera esan dio Inner City Pressi: behatzaileen misioa luzatzea posible dela, baina AEBen interesen araberakoa izango dela emaitza, «ikusteko dago noizko laga nahi duten tentsioaren gorakada, oraingo ala azaroaren osterako». Izan ere, presidentetzarako hauteskundeak dituzte AEBetan azaroaren 6an, eta esku hartze militar batek kalte egingo lioke Barack Obamaren irudiari bozetarako.
Etengabeko frustraziotik ateratzeko asmoz, itxaropen mezu bat bidali dute Annanek eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. «Genevako bake konferentzian ere kontsentsu zaila lortu genuen, eta Segurtasun Kontseiluan ere lor dezakegu», esan du Lavrovek. Annan, ostera, ziur dago «denek onartzeko moduko formula bat» aurkituko dutela Segurtasun Kontseiluan.
Errusiak betoa jarriko dio NBEn Mendebaldeko proposamenari
Moskuk berretsi du atzera botako duela Sirian esku hartze militarra egiteko aukera ematen duen edozein ebazpenSegurtasun Kontseilua gaur da bozkatzekoa behatzaileen misioa luzatzeko ebazpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu