Errusiak betorako ahalmena erabiliko du Siria erasotzeko ekimenen aurka

Mendebaldearen eta Moskuren arteko desadostasunak agerian gelditu dira Segurtasun Kontseiluaren bileran

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Houlako hilketen ondoren Mendebaldeko herrialdeek Siriako Gobernuaren aurka hasitako ekinaldi diplomatikoari erantzun argia eman dio Errusiak. Gennadi Gatilov Atzerri ministrordeak adierazi du militarki esku hartzeko ekimen orori betoa paratuko diotela NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan, eta Kofi Annan mandatari bereziaren planaren aldeko apustua berretsi du. «Beti erran dugu Siriako gatazkan atzerritik esku hartzearen erabat aurka gaudela, soilik egoera okertuko lukeelako, eta aitzinetik jakin ezinezko ondorioak edukiko lituzkeelako Siriarentzat eta eremu guztiarentzat». Segurtasun Kontseiluak atzo egindako bileran, agerian gelditu ziren Mendebaldearen eta Moskuren arteko desadostasunak. Erresuma Batuak etaAEBek zigorrak gogortzea proposatu zuen, baina Errusiak ezezko borobila eman zion horri.

Damaskoren aurkako presioa areagotzea «arinegi» jokatzea litzatekeela uste du Gatilovek, eta Mendebaldeko herrialdeei eskatu die Siriako oposizioarengan «egoki» eragiteko. Hain zuzen, nazioartean oihartzun gehien duen taldearekiko kritiko agertu da Errusiako ministrordea: «Onartezina da oposizioko buruzagiek, Siriako Kontseilu Nazionalaren izenean, NBEk esku hartze militar bat onartu arte borroka armaturako deia egitea». SNC erakundeak Gatilovi erantzun dio erranez Errusiaren jarrerak Damasko «animatzen» duela «genozidioarekin jarraitzeko».

«Zubiak erre eta kanalak itxi»

Mendebaldeko herrialdeek eta horien aliatuek Siriako enbaxadoreak kanporatu izana ere «aintzat hartu» duela adierazi du SNCk. Errusiak, baina, gogor kritikatu du neurri hori. Atzerri Ministerioko bozeramaile Aleksandr Lukaxevitxen ustez, «Mendebaldeak Damaskorengan era eraikitzailean eragiteko zubiak erre eta kanalak itxi ditu» enbaxadoreak kanporatuta.

Segurtasun Kontseiluan, berriz, Errusiako enbaxadore Vitali Txurkinek azaldu du hainbat kidek proposatu dutela zigorrak gogortzea, hartara Siriako oposizioa gobernuarekin elkarrizketan hastera hurbilduko delakoan. «Ez dut loturarik ikusten kontseiluak zigorrak paratzearen eta oposizioa soilik orduan elkarrizketan hastearen artean», adierazi du Txurkinek.

Houlako sarraskiaren ondoren Mendebaldeak, Persiako golkoko aliatuek eta Turkiak gehienbat, Damaskoren aurkako presio kanpaina azkartu dute. Hollande Frantziako presidenteak esku hartze militarra ere ez lukeela gaizki ikusiko erran du.

Errusia, baina, ez dago bakarrik. Txinak ere esku hartze militarrik ez duela babestuko berretsi du bertze behin. Atzerri Ministerioko bozeramaile Liu Weiminek erran du «erregimen bat indarrez aldatzearen aurka» daudela. Siriaren aliatu nagusi Iranek, berriz, «Libiako agertokia» errepikatu nahi izatea egotzi dio Mendebaldeari, bereziki AEBei. Ali Larijani parlamentuko presidenteak erran du «joko arriskutsua» dela hori, eta balizko eraso batek Israelentzat ere ondorioak utziko lituzkeela. Errusian bertan, oposizioko indar nagusiak, KPRF alderdi komunistak Mendebaldeko zerbitzu sekretuei egotzi die Houlako sarraskiaren erantzukizuna. KPRFren ustez, Sirian gertatutakoak 1990eko hamarkadan Bosnian gertatutakoaren antza du; komunisten arabera, Mendebaldeak «probokazio odoltsuak» erabili zituen NATOren esku hartzea justifikatzeko.

Hamahiru gorpu gehiago

NBEren arabera, Houlan ehundik goiti zibil hil zituzten lehengo ortziralean. Siriako oposizioaren arabera, gobernua da erantzulea, eta Mendebaldeak ere bertsio hori babestu du. Damaskok, ordea, sarraskian erantzukizuna duenik ukatu du. Sirian dauden NBEko behatzaileek, berriz, jakinarazi dute Deir ez-Zor hiritik gertu hamahiru gorpu aurkitu zituztela, exekuzio zantzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.