Gatazka Kaukason

Errusiak ere sinatu du Bruselak bultzatutako bake plana

Hala jakinarazi du Dmitri Medvedev presidenteak. Hala ere, bitartekari gisa izenpetu duela zehaztu du, ez gatazkako parte moduan. Georgiak atzo sinatu zuen sei puntuko plana.

2008ko abuztuaren 16a
13:58
Entzun
Errusiako Segurtasun Kontseilua Sotxin egiten ari den batzarrean jakinarazi du Dmitri Medvedev presidenteak EB Europako Batasunak bultzatutako bake plana sinatu duela. Hain zuzen ere, Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak izenpetu eta biharamunean sinatu du Errusiakoak. Medvedevek atzo adierazi zuen Georgiak sinatu arte eurek ez zutela izenpetuko bake agiria, eta hala egin du.

Halaber, beste ñabardura bat ere jarri du Errusiako presidenteak: zehaztu du "bitartekari" gisa sinatu dutela bake plana, "EBk eta ESLAk bezala", eta ez "gatazkako parte" moduan. Hala ere, sei puntu ditu agiriak, eta horietako batean esaten da Errusiako indarrak gatazka lehertu aurreko lekuetara itzuli behar dutela.

Besteak honakoak dira: indarkeriaren erabilera bertan behera uztea; laguntza humanitarioa sartzen uztea; Georgiako armada ohiko lekuetara itzultzea; eta Hego Osetiako eta Abkhaziako segurtasuna bermatzeko nazioarteko eztabaida abiatzea.

Azken puntu horrek esan nahi duenaren inguruko irakurketa desberdinak egin dituzte egunotan Georgiak eta Errusiak. Georgiaren arabera, nazioarteko bake indar batzuen eratzea da ezbaidatu beharrekoa. Errusiaren ustez, ordea, Hego Osetiaren eta Abkhaziaren estatus politikoa dago auzitan. Georgiak ohartarazi du estatusari buruzko eztabaidarik ez duela onartuko. Moskuk, berriz, bi eskualde horiek Georgiaren menpe jarraitzea zaila izango dela azpimarratu dute egunotan.

Nolanahi ere, bi aldeek bake plana ofizialki izenpetuta gatazka baretzeko itxaropena agertu dute bitartekariek. Nazioarteko berri agentzien arabera, Errusiako indarrek Georgian jarraitzen dute oraindik. Hain zuzen ere, Errusiak bake plana sinatu duela iragarri eta gero salatu du berriz Georgiako Gobernuak soldadu errusiarrek beren azpiegitura zibilak suntsitzen eta arpilatzen segitzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.