Errusiak salatu duenez, gero eta agerikoagoa da Mendebaldea Siriako oposizioari armak bidaltzen ari zaiola, erruz. «Gero eta froga gehiago daude», adierazi du Gennadi Gatilov Errusiako Atzerri ministrordeak, eta kritikatu egin ditu oposizioa armatzen duten bitartean Baxar al-Assaden gobernuaren aurka zigorrak babesten dituzten herrialdeak.
Sergei Lavrov Moskuko diplomaziaburuak ere demokrazia bonba bidez inposatzearen arriskuaz ohartarazi du. «Su-etena proposatzen dugu berriro, baina oraingoan kanpoko agenteen erantzukizunpean, eragina baitute bai gobernuan eta bai talde armatuetan». Moskuk dio prozesu politikorik ezin dela abiarazi oposizioak armak utzi arte, eta, horretarako, nazioarteak armak uztera behartu behar dituela matxinoak. Lavrovek gaineratu du soilik NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak duela esku hartze militarra baimentzeko eskumena.
Bestetik, Frantziak adierazi du Errusiarekin negoziatu egin behar dela «Al-Assaden erregimen krudela» amaitzeko. Damasko ekonomikoki itotzea proposatu du Laurent Fabius Atzerri ministroak, baina adierazi du horretarako beharrezkoa dela Moskuren laguntza.
Errefuxiatuak Turkian
Lakhdar Brahimik, NBEren eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezi berriak, gaitzetsi egin ditu Al-Assaden kanporatzea ez eskatzeagatik oposizioak egin dizkion kritikak. Misioarekin duela egun gutxi hasi bada ere, irtenbide bat bilatuko duela hitzeman du.
Bitartean, borrokek ez dute etenik Sirian, eta, oposizioak salatu duenez, armadak hainbat hiri bonbardatu zituen atzo ere. Gatazketatik ihesi, milaka lagunek inguruko herrialdeetara ihes egin dute. Turkiak, baina, azaldu du ezin dituela herrialdean 100.000 siriar baino gehiago hartu, eta Sirian NBEren zaintzapean errefuxiatuentzako kanpalekuak eraikitzea eskatu du. 67.000 siriarrek zeharkatu dute Siria eta Turkia bereizten dituen muga.
Errusiak esan du Mendebaldeak erruz ematen dizkiela armak Siriako matxinoei
NBEren ordezkariak gaitzetsi egin ditu Al-Assad irteteko ez eskatzeagatik oposizioak egindako kritikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu