Errusia eta Europako Batasuna (EB) akordiora iritsi dira Errusiako gasaren bidalketa egiaztatzeko egitekoa izango duten begiraleak bidaltzeko. Gazprom Errusiako enpresa, Naftogaz Ukrainakoa eta Europako bestelako konpainiak izango dira adostutakoaren arabera begirale lanak egingo dituztenak.
Atzo Txekiar Errepublikako lehen ministro Mirek Topolanek eta Errusiako lehen ministro Vladimir Putin elkartu ziren eta horren ondorioz etorri da adostasuna. Txekia da Europako Batasuneko jarduneko lehendakaria.
Europako Batasunak Ukrainatik igarotzen den gasaren bidea kontrolatzeko begiraleak jartzeko proposamenari oniritzia eman zion Kievek atzo. Dena den, Moskuk akordio hori hasiera batean onartu bazuen ere, ondoren behatzaileak Errusiakoak izan ezean ez zuela akordioa sinatuko adierazi eta milaka lagun berogailurik gabe utzi zituen. Orain, akordioa lortuta Ukrainak ziurtatu du Europako Ekialdeko herrialdeek hiru egun baino lehen jasoko dutela berriz gasa. Herrialde horiek pairatu dute bereziki gasaren gabezia. Hori bai, horretarako Gazprom Errusiako konpainiak "esandakoa bete" beharko duela adierazi dute Ukrainako ordezkariek.
Krisiaren auzia astelehenean hasi zen, Errusiak Europara igortzen duen gas hornikuntza murriztea erabaki zuenean. Egoera ondoren gogortu egin zen gainera, Errusiak guztiz eten baitzuen. Vladimir Putin lehen ministroaren arabera, “Ukrainan Errusiako gasa lapurtu” egin zuelako hartu zuen erabaki hori. Errusiak Europara igortzen duen gasaren %80, Ukrainatik igortzen du.
Begiraleen inguruan akordioa lortu badute ere, gasaren prezioaren eta igarotze tarifen gainean ez dira adostasunera iritsi, eta hori izan da, hain justu, Errusiaren eta Ukrainaren arteko liskarraren arrazoia. Moskuk Ukrainari exijitzen dio inportatzen duen Errusiako gasarengatik merkatu prezioak ordaintzeko (450 dolar mila metro kubikoengatik). Ukrainak, ordea, ez du 235 dolar baino gehiago ordaindu nahi.
Mundua
Errusiak eta EBk gasaren krisia bideratzeko begiraleak bidaltzeko akordioa lortu dute
Errusiako gasaren bidalketa egiatatzea izango da begiraleen egitekoa. Errusiako eta Europako konpainiak izango dira horretaz arduratuko direnak. Ukrainak dio EBk hiru egun baino lehen jasoko duela berriro gasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu