Errusiak eta Txinak betoa paratu diote NBEren Siriarako ebazpenari

Moskuk erran du ebazpena ez zela «orekatua»; hari eta Pekini errepresioaren «konplize» izatea egotzi die FrantziakHoms bonbardatuta Siriako armadak sarraskia egin duela salatu du oposizioak

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Errusia presiopean eduki dute aste guztian Mendebaldeak eta herrialde arabiar gehienek, Siriako erregimenaren aurka NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako ebazpenari trabarik paratu ez ziezaion. Presioarekin batera, keinuak egin dizkiote, Baxar al-Assadi boterea uzteko exijentzia edo armen salmentaren debekua ezabatuz testutik. Oposizioak atzo Homs hirian salatutako sarraskia ere —bonbardaketa batean armadak gutxienez 55 lagun hil dituela dio; erregimenak ukatu egin du—, Mosku estutzeko azken argudiotzat erabili dute, baina alferrik izan da. Bozketa atzo egin zuten, eta, iragarri bezala, Errusiak ebazpena errefusatu zuen. Baina Moskuk ez ezik, azken egunetan itzalean gelditu den bertze potentziak ere, Txinak, betoa erabili du, eta, hala, Errusiaren bakartasuna hautsi.

Ebazpenaren aldekoen artean etsipena agerikoa zen. Segurtasun Kontseiluko hamabortz kideetatik hamahiruk bozkatu dute alde, baina bortz kide iraunkorrek —AEBak, Frantzia, Erresuma Batua, Errusia eta Txina— betorako eskubidea dute, eta baten lekuan bik erabili dute. Gerard Araud Frantziaren NBEko ordezkariak «erregimenaren errepresio politikaren konplize» izatea egotzi die Errusiari eta Txinari.

«Ulertzeko zaila» AEBentzat

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria ere gogor mintzatu da Moskuren eta Pekinen aurka. «Ulertzeko zaila da Siriak ezagutu duen egunik odoltsuenaren ondoren batzuek nazioarteari ez uztea indarkeria gaitzesten». Bozketa aitzinetik Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin bildu da Clinton, azken orduko akordioren bat lortzeko.

Errusiak salatu du, ordea, ebazpena ez dela «orekatua». Vitali Txurkin enbaxadorearen arabera, testuak ez du ongi adierazten «Siriako errealitatea», eta mezu «kontrajarriak» bidaltzen dizkie Siriako indar politikoei. Lavrovek bozketaren aitzinetik azaldu du zein bi puntu nagusitan duen Moskuk desadostasuna: elkarrizketari paratutako «baldintzetan» eta oposizioaren indarkeria ez gaitzestea. Lavrov etzi bilduko da Damaskon Al-Assadekin, eta dudarik ez da bilerak zeresana emanen duela. Txinari dagokionez, Liu Baodong enbaxadoreak erran du «egungo egoeran» erregimenari «presio gehiegi» ezartzeak edo «irtenbide bat inposatzeak» ez duela lagunduko gatazka konpontzen.

SNC Siriako Kontseilu Nazionala oposizioko talde nagusiak, ordea, erregimenari «hiltzeko baimena» eman izana egotzi die Moskuri eta Pekini. Nazioarteari eskatu dio Siriarako harremanetarako talde bat sortzeko, erregimena zokoratze aldera eta «Errusia eta halako lagunek eskainitako heriotzarako armak» iritsi ez ez daitezen. Siriako Armada Askeak, berriz, bozketaren aitzinetik jakinarazi du Errusiak Sirian dituen interesen aurka jotzeko prest dagoela.

Herrialde arabiarrek, berriz, Homseko bonbardaketen berri izan ondoren, Siriaren aurkako presioa areagotu dute. Tunisiak iragarri du aurrerantzean Al-Assaden erregimena ez duela Siriaren ordezkaritzat onartuko, eta enbaxadorea bidaltzeko prozedura hasi du. Ali Salem Parlamentu Arabiarreko presidenteak gauza bera egiteko eskatu die gainerako herrialde arabiarrei.

Hildako kopuruaren dantza

Homseko erasoan, hasieran SNCk 260 hildako aipatu ditu, baina ondoren Herri Koordinaziorako Batzordeek 55era jaitsi dute zifra. Oposizioko iturrien arabera, armadak hiriaren aurkako bonbardaketa hasi du Siriako Armada Askeak kontrol postu batzuei eraso ondoren. SNCk erran duenez, Khalidiya eta Al-Qosor auzoetako etxebizitzak izan dira bonbardaketen jomuga nagusia. Bonbek ospitale bat suntsitu dutela ere erran dute. BBCko berriemailearen arabera, Siriako Armada Askea Homserako bideak ireki nahian ibili da, odol hornidurak ailega zitezen. Al Arabiya kateko berriemaile bereziak, berriz, jakinarazi du desertoreek inteligentzia zerbitzuaren eraikin bat suntsitu dutela Homsen bertan.

Bonbardaketei dagokienez, hagitz bertzelako bertsioa eman du Sana berri agentzia ofizialak. Erasoa ez dela gertatu erran du, eta «talde armatuek eta Istanbulgo kontseiluak [SNCren]» asmatu dutela Segurtasun Kontseiluari eragiteko. Telebistan agertu diren gorpuen irudiak «talde terroristek» bahitutako eta exekutatutako jendea dela erran du Sanak, ondoren bonbardaketen biktima gisa agertzeko. Erregimenak hedabideei eta iturri independenteei ezarritako kontrolaren ondorioz, hagitz zaila da Siriatik datozen bertsioak berrestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.