Borroka diplomatikoa bere gorenean da Siriako gatazkan. Errusiak eta Txinak nazioarteak «Siriako barne arazoetan esku hartzea» ekidin nahi dute kosta ala kosta. Bart ziren NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian Sirian giza eskubideen bortxaketa «sistematikoak» gaitzetsi eta zibilen aurkako erasoak «berehala» eteteko eskatzen duen ebazpenaren bozketa egitekoak, eta proposamena gehiengo zabalarekin onartzea espero zuten. Testua legez bete beharrekoa izango ez bada ere, nazioarteak Baxar al-Assad presidenteari presio egiteko baliatu nahi du, eta baita Pekin eta Mosku Damasko babesten bakarrik geratu direla erakusteko ere.
Errusia ez dator bat Saudi Arabiak eta Qatarrek NBEn aurkeztu duten planarekin, eta hainbat zuzenketa egin dizkio testuari. Arabiar Ligarko herrialdeek, ordea, Moskuk egin dituen aldaketak «onartezinak» direla esan dute. Erusiak horiek bozkatzea eskatu zuen, atzo, NBEren Batzar Nagusian.
«Alde guztiei indarkeria ekintzak egiten dituzten talde armatuetatik bereiztea», gehitu dio Errusiak ebazpenari. Armadari hirietatik irteteko eskatzearekin bat, estatuaren erakundeen aurkako erasoak gelditzeko ere bildu nahi izan du testuan. Proposamenean ez da zuzenean Baxar al-Assad presidenteak boterea utzi behar duela esaten. Horixe baitzen Moskuren baldintzetako bat ebazpena onartzeko. Dena den, Arabiar Ligaren plana «erabat babesten» duela biltzen du testuak, eta azken horretan jasotzen denaren arabera, presidenteak boterea presidenteordearen eskuetan utzi behar du. Horrez gain, bi aldeei indarkeria eteteko eskatzen badie ere, Siriako erregimenari botatzen dio batik bat gatazkaren errua. Moskuk, berriz, oposizioak eta gobernuak indarkeriaren ardura berbera dutela defendatu du. Ebazpena «guztiz desorekatua» dela dio Errusiak, eta ezin duela bere horretan onartu.
NBEren Segurtasun Kontseiluan ez dira gai izan Damaskoren aurkako ebazpena onartzeko —bi aldiz betoa jarri diote Txinak eta Errusiak Mendebaldeak aurkeztutako proposamenei—, eta horrexegatik jo dute NBEren Batzar Nagusira, bertan ezein herrialdek ez baitu beto eskubiderik.
Sirian dituzten enbaxadak ixtea erabaki dute asteotan hainbat herrialdek, eta Errusiak susmo txarra hartu dio egoerari. «Oraintxe bertan arazoari irtenbide diplomatiko bat emateko modua izan daiteke, baina, gatazka handiagoa prestatzen ari direla ere adierazi dezake», esan du Errusiaren NBEko ordezkari Vitali Txurkinek, interbentzio militarraren mamua aireratuz.
Europako Parlamentuak, berriz, Siriara armak bidaltzeari uzteko eskatu dio Moskuri. Errusiak eta Txinak Segurtasun Kontseiluan Siriaren inguruko ebazpenari betoa jarri izana ere kritikatu dute EB Europako Batasuneko kideek. Era berean, «Errusiaren eta Txinaren lankidetzarekin» ebazpen bat onartzeko «ahal duen guztia egiteko» eskatu diote Catherine Ashton EBko diplomazia buruari.
Txinaren ordezkaria, Sirian
Pekinek, berriz, Zhai Jun Atzerri ministrordea bidaliko du Siriara, gatazkako aldeekin bildu eta «irtenbide baketsu» bat lortzen lagundu dezan. «Txinak ez du Sirian indarrez esku hartzea babesten, eta ezta erregimena aldatzekopresioa egitea ere», adierazi du Junek. Txinako Gobernuak kritika ugari jaso ditu NBEren Segurtasun Kontseiluan betoa erabili izanagatik eta, Damaskora ordezkaritza batbidalita «modu konstruktiboan» lagundu nahi duela nabarmendu du.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, bestalde, indarkeriari «berehala» amaiera emateko eskatu dio Siriako Gobernuari. Erregimena giza eskubideak urratzen ari dela esateko zantzuak daudela ere adierazi du. «Auzoak bonbardatzen ari direla ikusi dugu, ospitaleak atxilo gune bilakatu dituztela eta bertan torturatu egiten dela. Adingabekoak atxilotu dituztela ere ikusi dugu, eta abusuak egin dizkietela, baita hamar urteko haurrei ere. Gizateriaren aurkako krimenak ikusten ari gara, ziurrenik», esan du. Segurtasun Kontseiluan adostasun eza erasoak gogortzeko baliatu izana ere egotzi dio Banek Al-Assadi.
Armada Daraan sartu da
Sirirako Armada Daraan sartu da tankeekin, eta desertoreen eta soldaduen artean borrokaldi gogorrak jazo direla kontatu dute oposizioko kideek. Hiri horretan hasi zituzten, hain zuzen ere, Al-Assad presidentearen aurkako protestak iazko martxoan.
Armada Daraatik gertu dagoen Basra al-Hahrir herrian ere sartu dela azaldu dute oposizioko Siriako Iraultzaren Batzorde Orokorreko kideek, eta Siriako Armada Askeko kideen bila ari direla bertan. Tokiko Koordinaziorako Batzordeek, bestalde, Idliben armadak 38 lagun hil dituela jakinarazi dute. Gehienak atxilotu eta gero hil dituztela diote. Hama eskualdean ere Kafar Nabudeh hirian armadak erasoa egin duela salatu du oposizioak, eta Homs bonbardatzen jarraitzen duela jakinarazi dute.
Errusiak eta Txinak Sirian nazioarteko esku hartzea saihestu nahi dute NBEn
Giza eskubideen urraketa sistematikoa salatzen duen ebazpena onartzekoak ziren bart NBEren batzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu