Errusiak Europako Batasunari bideratzen dion gasa murritz dezakeela ohartarazi du Ukrainak

Gazpromek gas hornikuntza akordioa betetzen ez badu, ukrainarren beharrak hobetsiko dituela dio Kievek

2008ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ukrainak eta Errusiak gasaren inguruan hasi duten hamaikagarren borrokari adi-adi erreparatzen ari zaio Europako Batasuna, eztabaidan parterik ez duen arren, azkenean zuzenean eragingo dion beldur delako. Gazprom Errusiako estatuko gas monopolio erraldoiak erdira baino gutxiagora murriztu dio Ukrainari bi egunotan gas hornidura. Hori ikusirik, Ukrainatik igarota Errusiak EBko herrialdeetara igortzen duen gasa murriztuko duela ohartarazi du Naftogaz Ukrainako gas enpresak, hornikuntza lehengora itzultzen ez bada. Gazpromen ahotan, baina, EBko gas kontsumoa ez da arriskuan.

Naftogazek Ukrainako herritarren beharrak ziurtatzeko «neurri egokiak» hartuko dituela ohartarazi zuen atzo. «Europako kontsumitzaileei zuzendutako gasaren garraioa berma dezakegu, baldin eta Ukrainaren energia segurtasuna mehatxupean ez baldin badago». EBk Errusiatik jasotzen duen gasaren %80 Ukrainatik pasatzen da eta auzia behin betiko konpontzeko eskatu zien bi aldeei. Bitartean, Aljeriarekin hitzarmen energetikoa egiteko negoziazioetan dagoela azaldu zuen atzo EBk.

395 milioi euroko zorra ez ordaintzea egotzi dio Gazpromek Kievi, eta murrizketa gehiago izan daitezkeela ohartarazi dio. Ukrainako Gobernuak, ostera, ordainketa egina dagoela argitu du, eta Naftogaz enpresak bi asterako erregaia badaukatela adierazi du.

Gazpromen arabera, ekonomia izaera du auziak; baina adituen ustez, iturri politikoa ere badu. Dmitri Medvedev Errusiako presidente berria Gazpromen buru izan da orain arte, eta gas murrizketarekin Ukraina estutzea izango luke helburu, NATOn sartu nahi baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.