Errusiak ez du onartuko Siriako presidentearen dimisioa biltzen duen ebazpenik

Arabiar Ligako begiraleek diote indarkeriak gora egin duela «nabarmen» azken lau egunetan

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kideak berriz bildu dira Siriako gatazkan eman beharreko hurrengo pausoez eztabaidatzeko. Duela hamar hilabete herrialdean liskarrak hasi zirenetik ez dute lortu ados jartzea eta ebazpen bateratu bat onartzea. Atzo, Maroko Liga Arabiarraren plana babesten duen zirriborro bat proposatzekoa zela adierazi zuten diplomazia iturriek. Mendebaldeko herrialdeek badiote ere oraingoan Errusiarizail izango zaiola betoa ematea, Moskuk argi utzi du ez duela Baxar al-Assad presidentearen dimisioa eskatzen duen ebazpenik onartuko.

«Aurrebaldintzarik gabeko prozesu politikoa» eskatu du Errusiako Atzerri ministrorde Gennadi Gatilovek Siriako gatazka konpontzeko, eta Al-Assaden dimisioa aurrebaldintza bat dela gaineratu du. Marokoren proposamenak ez du Damaskoren aurkako zigorrik onartzen Moskuk eskatu bezala, baina Al-Assadek boterea presidenteordearen eskuetan uztea biltzen du. Rabateko testuarekin Errusiaren proposamena ordezkatu nahi dute Mendebaldeko herrialdeek eta herrialde arabiarrek, Moskurena «bigunegitzat» baitute, baina ez dute lortu jarrerak hurbiltzerik.

Egun odoltsuak

Azken lau egunetan Sirian indarkeriak «nabarmen» gora egin duela aitortu du Arabiar Ligako behatzaileen buru Mohamed al-Dabik. Egoera «dramatikoenak» Homs, Hama eta Idlib probintzietan jasaten ari direla dio. Indarkeriak zaildu egiten du bi aldeak negoziatzera esertzeko eta gatazkari amaiera baketsua emateko Arabiar Ligaren asmoa.

Atzokoa eta herenegungoa egun bereziki odoltsuak izan ziren. Oposizioko iturriek jakinarazi dute ostegunean Al-Assaden indarrek 65 lagunetik gora hil zituztela eta atzo, berriz, 45 baino gehiago. Arabiar Ligaren misioa hasi zenetik 1.300dik gora hil ditu armadak. New Yorken Segurtasun Kontseiluarekin bilduko dira erakunde arabiarreko ordezkariak gaur, Siriako gatazka konpontzeko babesa lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.