«Erregimen politikoak aldatzekoSegurtasun Kontseiluaren bidez aldebakarreko zigorrak erabiltzearen aurkako jarrerari eutsiko dio Errusiak». Siriaren aurkako zigorrei betoa jarri ondoren, Dimitri Medvedev presidenteak aurrerantzean Moskuk antzeko kasuetan hartuko duen irizpidea jakinarazi du. Lehen aldiz, ordea, Bashar al Assad Siriako presidenteak boterea uzteko aukera aipatu du Medvedevek; erreforma politikoak egin ezean alde egin behar lukeela erran du. Siriak, berriz, ez dio utziko NBE Nazio Batuen Erakundearen begirale taldeari herrialdean sartzen, eta adierazi du Mendebaldeak giza eskubideen arloan «leziorik» emateko zilegitasunik ez duela.
Errusiak eta Txinak betoa erabili dute aste honetan, Segurtasun Kontseiluak EB Europako Batasuneko herrialdeen ekimenez Siriari zigorrak ezartzea saihesteko. Ez dute nahi «Libiako gidoia» deitu dutena errepikatzea. Aldi hartan, Segurtasun Kontseiluak 1970 eta 1973 ebazpenak onartu zituen, Libian armen bahimendua ezartzeko eta aire eremua debekatzeko, «zibilak babesteko» helburuarekin. Neurri horiek legezko sostengua eman zioten NATOri Muammar Gaddafiren aurkako matxinoak lagundu eta erregimena eraisteko—soilik Surt eta Bani Ualid hirietan eusten dute Gaddafiren aldekoek—. Txinak eta Errusiak, ordea, eraso egitearen aurka zeudela erran arren, ez zieten betoa ezarri ebazpenei. Hemendik aitzinera, baina, irmoagoak izanen direla ziurtatu du Medvedevek.
Siriako agintariek, baina, «beharrezko erreformak» egiten ez badituzte dimisioa eman beharko dutela uste du Errusiako presidenteak, baina kanpoko esku hartzerik gabe. «Erabakia ez dute hartu behar ez NATOk, ez Europako zenbait herrialdek, Siriako herriak eta gobernuak baizik».
Hain zuzen, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan mintzatu zen atzo Siriako Atzerri ministrordea. «Mendebaldea ez dago giza eskubideekin arduratuta. Petrolioaren eta mineralen garraioa inporta zaio soilik, horiek bidegabe ebasteko», salatu zuen Faisal Mekdadek. Siriako Gobernuak erreformak eginen dituela ziurtatu zuen «zuzenbide estatu batekin bat egonen den gizarte demokratikoa ezartzeko, herriak eskatu eta merezi duen bezala». Mendebaldeko herrialdeek eginiko akusazioak ukatu zituen Mekdadek, eta erregimenaren kontrako protestak «talde terroristek nazioari eta herriari egindako erasoak» direla erran zuen.
Errusiaren, Venezuelaren, Kubaren, Boliviaren, Ekuadorren eta Nikaraguaren sostengua izan du Siriak. Herrialde horiek salatu dute Giza Eskubideen Kontseiluak «bi neurri» dauzkala, eta uste dute erakundea Mendebaldearen interesetarako «tresna» bilakatu dela.
Turkiaren armak
Sirian errepresioaren ondorioz 2.900 lagun hil direla adierazi zuen herenegun NBEko Giza Eskubideetarako goi mandatari Navi Pillayk. Mekdadek erantzun dio, baina, estatuko indarretako 1.100 kide hil dituztela «terroristek» eta horiei «ondoko herrialdeek» eman dizkietela armak.
Al Assad presidenteak berak ere akusazio berbera egin du, baina zuzenean Turkiari leporatu dio. Herrialde horretako Cumhuriyet egunkariaren arabera, Al Assadek erran du Turkiako armak aurkitu dizkietela erregimenaren aurkariei, eta Ankarari egotzi dio Anaia Musulmanak babestea.
Turkiaren eta Siriaren arteko harremana hilabete gutxitan hondatu da. Iazko abenduan bertan, Elkarlanerako Kontseilua sortu zuten bi herrialdeek, harreman ekonomikoak estutu eta atzerri politikan irizpide bertsuak partekatzeko. EBn sartzeko prozesua trabatua zuenez, Ekialde Hurbilean bere eragina handitzea bilatu zuen Ankarak. Herrialde arabiarretako erreboltekin eta Israelekiko liskar diplomatikoarekin xede hori lortzeko pauso gehiago eman ditu Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak, Egiptorekin eta Tunisiarekin harremanak estutu, eta herrialde musulmanen «demokratizaziorako» Turkia adibidetzat aurkeztuz.
Matxinadaren hasieran, Turkiak bitartekaritzat eskaini zuen bere burua, baina batez ere mugako Idlib probintzian izandako borrokek eragindako errefuxiatu oldearen ondorioz bi herrialdeen arteko tentsioa areagotu zen, harremanak eteteraino. Hainbertze gaiztotu dira, ezen Turkiak maniobra militarrak egin dituela mugan, eta Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak atzo erran zuen «aukera guztiak zabalik» daudela, «gerra barne».
Buruzagi kurdu baten hilketa
Turkia eta Siria batzen dituena kurduen aurkako errepresioa da, eta ikusteko dago herri horri nola eraginen dion bi estatuen harremanen gaiztotzeak. Hain zuzen, buruzagi kurdu bat bere etxean tiroz hil zuten atzo Siriaren menpeko Kurdistango Kamishli hirian. Mashaal Tammo preso politiko ohia da hildakoa, oposizioaren arabera. Etorkizuneko Alderdi Kurduko eta Siriako oposizioaren Kontseilu Nazionaleko kidea zen. Gainerako liskarretan, gutxienez hamabortz lagun hil dituztela jakinarazi dute Herri Koordinaziorako Batzordeek.
Protestak herrialde arabiarretan
Errusiak ez du utziko NBEren bidez «erregimen politikoak aldatzea»
Damaskok adierazi du Mendebaldeak ez duela zilegitasunik giza eskubideen arloan «lezioak» ematekoSiriarekiko «aukera guztiak zabalik» daudela dio Turkiak, «gerra barne»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu