Nahi eta ezin. Helsinkin (Finlandia) atzo EB Europako Batasuneko eta Errusiako agintariek egin zuten goi bileran ezin izan zutenkooperazio akordioa lortzeko negoziaziorik abiatu. Aurreikuspenak bete ziren;Poloniak esana zuen iaz betoa jarriko ziela negoziazioei, Errusiak bere okel eta barazki esportazioei ezarritako blokeoaren ondorioz. Eta hitza bete zuen. EBko agintariek blokeo hori «funtsik gabea» dela esan zieten atzo Errusiako agintariei, baina alferrik izan zen, ez zuten iritziz aldatu. Are gehiago, datorren urtean --Errumania eta Bulgaria urtarrilaren 1ean EBn sartzearekin batera-- okelaren blokeoa Europako Batasun osora zabaltzeko prest daudela jakinarazi zuten atzo Errusiako buruzagiek.
Diru galera handia litzakete hori EBrentzat. Okel eta barazki esportazioekin 4.971 milioi euro lortzen ditu EBk Errusian. AEBen ondoren munduko bezero onenetan bigarrena da Errusia Europarentzat, aski garrantzitsua, eta zaindu beharrekoa.
Atzo bi herrialdeen arteko harremanek ez zuten itxura onik, ordea, Europako Batzordeko presidente Manuel Durao Barrosok Errusiak Poloniari jarritako blokeoa «gehiegizko neurria» dela esan zuen, eta blokeo hori bere horretan mantentzeko aski motibo ez dagoela argudiatu zuen. Errusiako agintariek, ordea, neurria kentzeko EBko albaitaritza arduradunek behar adinako babes neurriak hartuta daudela bermatu beharko dietela esan zuten. Vladimir Putin Errusiako presidenteak arazo «tekniko» hori konpontzean harremanak bere onera itzuliko direla adierazi zuen.
AUZIAREN GAKOAK. Auziaren atzean, esportazioen gaineko eztabaida hutsa baino, Errusiaren eta EBren arteko zenbait gatazka daude. Poloniako lehen ministro Jaroslaw Kaczyinkik, esaterako, Errusiak beraiekiko duen jarrera kritikatu zuen atzo: «Errusiak ezin du jokatu gurekin Europako Batasuneko kide osoak ez bagina bezala». Europako Batasuneko hazkunde prozesuaren gainean Errusiak dituen kezkak eta desadostasunak nabarmenak dira gatazkaren muinean.
Gatazka horiek garaiz ez konpontzea, gainera, garesti atera dakioke oso Europako Batasunari. Urtean 4.971 milioi euro eskuratzen ditu Errusiara esportatzen dituen okelaren eta barazkien ondorioz, eta tentuz zaindu beharreko irabazia da hori.
Gatazkaren muinean, dudarik ez, Errusiak energia iturri gisara duen garrantziak ere bere pisua du. EBn kontsumitzen den petrolioaren eta gasaren laurdena Errusiatik dator, eta Europak Errusiaren beharra du. Testuinguru horretan Errusiak bere interesak babestu nahi ditu. Europako Batzordeak energia enpresak jardueraka banatzen hasteko asmoa badu ere, Estatuaren kontrolpeko Gazprom konpainia erraldoiaren «osotasuna» tinko babestuko dutela jakinarazi zuen atzo Errusiako presidente Vladimir Putinek: «Konpainiak banatzea edo bereiztea Errusiako Federazioaren eskumena da, ez beste inorena. Inork ezin digu kendu hori».
Arazoak saiheste aldera, EBretzat benetan garrantzi handikoa da Errusiarekiko kooperazio akordioa berritzea. Ildo horretan, Poloniarekin piztu den gatazka konpontzeko modua izango dela esan zuten atzo goi bileraren amaieran Europako Batasuneko buruzagiek. «Ez da hil edo biziko kontua izango. Auzia erraz konponduko dugu, eta negoziazioa abiatzeko moduan egongo gara», azaldu zuen atzo EBko Atzerri Politikarako goi ordezkari Javier Solanak.Kexak kexa, elkarrizketarako borondatea erakutsi nahi izan zuen Jaroslaw Kaczynski Poloniako lehen ministroak ere.
SIBERIAREN INGURUKO AKORDIOA. Atzo Helsinkin egindako goi bileran uste baino adostasun puntu gutxiago izan baziren ere, akordioa lortu zuten Siberiaren gainean. Orain arte Errusiakoeskualde hori hegan zeharkatu nahi zuten hegazkin konpainiek tasa bat ordaindu behar izaten zuten. Atzo, ordea, beranduenez ere 2013. urteko bukaerarako tasa hori bertan behera uztea hitzartu zuten Errusiak eta Europako Batasunak.
Aurrerapausotzat jo zuten erabakia Europako Batasuneko arduradunek. Izan ere, tasa horren ondorioz EBko hegazkin konpainiekgastu handiak izan dituzte; aurten, esaterako, diru galera 330 milioi euro ingurukoa izan dela jakinarazi zuten. Nahiko maizigaro behar izaten dute Siberiatik Europako hegazkinek. Izan ere, Japoniara, Txinara, Hong Kongera eta Hego Koreara joateko bertatik bideratu behar izaten dituzte hegaldiak.
Hogei urte baino gehiago egin dituzte gatazka horretanbi aldeek. Akordioa EBko Garraio komisario Jacques Barrotek eta Errusiako Garraio ministro Igor Levitinek izenpetu zuten atzo Helsinkin. «Aurreraurrats handia da Errusiaren eta EBren arteko harremanetan», esan zuen Barrotek.
Errusiak Poloniari jarritako blokeoak EBrekiko negoziazioak eragotzi ditu
Errusiak Poloniako okel esportazioei jarritako mugak «funtsik gabeak» direla esan du EBk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu