Mundua

Errusiak salatu du Ukrainak blokatua daukala Europarako gas hornikuntza

Ukrainak hari egotzi dio ardura. Errusiak goizeko zortzietan ekin dio hornikuntzari, baina arazoak sortu dira gero.

2009ko urtarrilaren 13a
17:43
Entzun
Bazirudien bukatu zela gasaren gerra, Errusia gaur goizeko zortzietan hasi delako berriz ere Europa gasez hornitzen, Ukrainatik, ohi bezala, baina eguerdian salatu du Ukrainak "blokatu" egin duela hornikuntza. Ukrainak, berriz, hari leporatu dio ardura.

Errusiak eta Ukrainak atzo lortu zuten akordioa. Europako Batasunak eta Errusiak adostutako testuari deklarazio bat atxikitzea zen Julia Timoshenko Ukrainako lehen ministroaren asmoa, baina amore eman behar izan zuen.

Zazpi egunez egon da etenda Ukrainarako gas hornidura. Beste behin, Gazprom eta Naftogas enpresen arteko tirabirek krisia eragin dute -Errusiako eta Ukrainako gas enpresa nagusiak- , Europako ekialdeko hainbat herrialdetan bereziki. Zorra ordaintzen ez ziola, eta Europara bideratutako gasa lapurtu eta bere erreserbak betetzeko erabiltzen zuela leporatu dio Gazpromek Timoshenkoren gobernuari. Alabaina, Ukrainak ukatu egin du gasa lapurtu izana; eta Errusiari gas hornidura eten, eta berea egiteko Europak harekiko duen energia menpekotasunaz baliatzea leporatu dio.

Izan ere, Gazprom da hornitzaile nagusia Europan: estatu kideen beharren laurdena asetzen du. Eta neurri handi batean Ukrainatik barrena egiten du hori; Europara iristen den gasaren %80 Kieveko mugak zeharkatzen baititu. Hori dela eta, bi herrialdeen artean liskarrak sortu diren guztietan Europako herrialde asko energiarik gabe gelditu dira. Azken egunetako hornidura faltak hamasei herrialderi eragin die.

Ondorioak

Bulgaria izan da gasaren gerraren ondorioak gehien jasan dituen herrialdea. Energia beharren %90 Errusiatik iritsitako gasari esker asetzen du. Azken egunetan, baina, milioika lagunek ezin izan dute berogailurik ere piztu, hainbat eskualdetan zero azpitik 17 graduko tenperaturak izan badituzte ere. Galera ekonomikoak ere nabarmenak izan dira: aste batean 45 milioi euro galdu ditu Sofiako gobernuak. Halaber, ez du uste osteguna baino lehen Errusiatik bidalitako gasa jasoko dutenik; hortaz, datozen egunak ere energiarik gabe igaroko dituzte.

Eslovakiak ere ez du ahaztuko berehalakoan aurtengo negua. Energia iturri nagusiaren faltan, V1 zentral nuklearra berriro irekitzeko prest dagoela adierazi du. Aukera hori serioski aztertu dutela adierazi du Vahram Cauguryan Ekonomia Ministerioko bozeramaileak: "Aste baten buruan energia ekoizten hasiko da. Gaur edo bihar gerta liteke hori". Bruselak, ordea, ez duela zentral hori berriro martxan jartzea onartuko jakinarazi dio. Izan ere, Bulgariak EBko kide bihurtzeko sinatu zuen tratuan V1 behin betiko ixteko konpromisoa hartu zuen. Orain irekiko balu, erkidegoko zuzenbidea urratuko luke, eta erantzukizuna eskatu ahalko liokete horregatik.

Sinatutako akordioa

Bruselaren bitartekaritzari esker Errusiak eta Ukrainak sinatutako akordioaren xedea Europara gasa iristen dela ziurtatzeko neurriak jartzea da. Neurri horien artean Ukrainara bidalitako begiraleen taldea dago, neurri garrantzitsuena. 25 kidek osatuko dute kontrolerako taldea, eta Errusia eta Ukrainako hainbat gunetan gasak bere bidea egiten duela baieztatzea izango da euren ardura. Begiraleak Ukrainakoak, Errusiakoak eta EBko hainbat herrialdetakoak izango dira.

Neurri horrekin Moskuk ziurtatu nahi du Ukrainak gasa ez duela beretzat gordetzen, Timoshenkok behin baino gehiagotan gasik lapurtzen ez diola ziurtatu badio ere. Eta onartu berri duten itunean ere baieztapen hori jasotzen zuen deklarazioa atxiki nahi zuen Timoshenkok. Medvedev, ordea, deklarazio horren aurka agertu da, eta hornidura berriro martxan jartzeari uko egin dio deklarazio hori akordiotik kanpo utzi arte. Eta Ukrainak amore eman du. Horregatik, EBk uste du Errusiak oraingoan ez duela inolako aitzakiarik hornitzea martxan ez jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.