Errusiak Siria txalotu du, Annanen plana betetzen hasi delako

Bi aldeek pausoak eman behar dituztela esan du Moskuk; Erdoganek dio NBEk «errepresioa babestu» duela

Erredakzioa
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hitzetatik ekintzetara igarotzeko eskatu zion nazioarteak Siriako Baxar al-Assad presidenteari Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren plana onartzen zuela iragarri ondoren. Errusiak, atzo, Damasko txalotu zuen, plana indarrean jartzen hasi dela adierazi ondoren. «Herrialdean egoera normaltzeko ahalegina egiten ari dira Siriako agintariak», nabarmendu du Mijail Bogdanov Atzerri ministrordeak, eta Siriak lehen urratsa eman izana goraipatu du.

Sei puntuko plana ezartzeko hilaren 10era bitarteko epea eman zuen Annanek eta herenegun ultimatuma onartu zuen Al-Assadek. Errusiak, baina, ohartarazi du beste aldeak ere urratsak egin behar dituela. Oposizioak eta oposizioko talde armatuek NBEren eta Arabiar Ligaren plana onartu eta indarrean jartzeko pausoak eman behar dituztela esan du Moskuk. Indarkeria mota oro gelditzea, laguntza humanitarioa helarazteko bermeak eskaintzea, preso politikoak aske uztea eta siriarren helburuak beteko dituen prozesu politikoa abiaraztea biltzen du Annanen planak, besteak beste.

Ondorengo orduetan, hain zuzen NBEren ordezkaritza bat helduko da Damaskora su-etena egiaztatzeaz arduratuko den behatzaileen misioa prestatzeko. Bestalde, Valerie Amos NBEren Giza Arazoetako idazkariordeak esan du Siriak Ilargi Erdi Gorriaren 10.000 boluntario onartzea dela erakundearen «erronka nagusia» une honetan. Milioi bat lagunek babesa, elikagaiak, eta premiazko beste hainbat behar dituztela adierazi du.

Turkiatik kritikak

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak, bestalde, NBEren Segurtasun Kontseilua kritikatu du, eta «errepresioa babestu izana» egotzi dio. «Sirian jendea hiltzen ari zen bitartean eskuak gurutzatuta izan dituzte, eta hori errepresioa babestea da», esan du. Al-Assaden aliatu ohiak Ankarako legebiltzarrean esan du siriarrei ez diela inoiz bizkarra emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.