Errusiak Sirian Annanekin «aktiboki» lan egiteko konpromisoa berretsi du

NBEren Segurtasun Kontseiluan azalduko ditu gaur Kofi Annanek Siriara eginiko bisitan jaso dituen erantzunak

2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Sirian Baxar al-Assad presidentearen aurkako protestak hasi zituztenetik urte bat bete den egun berean, Errusiak adierazi duprest dagoela gatazka konpontzeko «modu aktiboan» lana egiteko. Horretarako, Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren ordezkari bereziari babesa eman die Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.

NBEren Segurtasun Kontseiluan Siriako erregimenaren aurkako ebazpenari birritan betoa jartzeagatik nazioartetik jaso dituen kritiken aurrean, Moskuk irmo erantzun du, eta nazioartea Siriako erregimena aldatu nahian dabilela salatu du.Arabiar Ligarekin iragan astean adostutako planari eutsi dio Errusiak. Bertan indarkeriaren amaiera eskatu dute, «jatorria edozein dela ere». Su-etena ikuskatzeko mekanismo neutro bat sortzea biltzen du testuak, eta nazioartearen esku hartzea errefusatu dute. Azkenik, giza laguntza sartzeko eskatzen du. Neurri horiek lortzeko Sirian izan da Annan, eta gaur aurkeztuko ditu Segurtasun Konsteiluan bi aldeekin bildu ondoren atera dituen ondorioak. NBEren idazkari nagusi ohiaren hitzak entzun ondoren Siriaren inguruko ebazpen bat onartzeko negoziazioak hasiko dituzte berriz ere.

AEBek, berriz, esan dute Errusiak eta Txinak Siriako auzian jarrera hobetu dutela. Moskuk eta Pekinek Al-Assad ez dutela babestuko esan izana horren adibide dela adierazi du Estatu Departamenduko eledun Victoria Nulandek.

Bestalde, Damaskok onartu egin du NBErekin batera egoera humanitarioa ebaluatzeko misio bat egitea, Valerie Amos NBEren Giza Arazoetako idazkariordeak jakinarazi duenez. Siriak gidatuko du misioa, eta gatazkak gogorren jo dituen hiriak bisitatuko dituzte. Herritarren beharrak zeintzuk diren «lehenbailehen» jakin behar dutela esan du Amosek. «Ezin dugu denborarik galdu».

Bestalde, Iran giza laguntza bidaltzen hasi da Siriara. «Zigorrak jasaten ari den herriari lehen laguntza kargamentua bidali diogu, tartean osasun materiala», adierazi du Husein Amir Abdolahian Irango Atzerri ministrordeak. Teheranek Mendebaldeari egotzi dio Siriako altxamendua bultzatu izana, eta herritarrek «okupazio sionistaren aurrean» erakutsi duten erresistentzia goraipatu du.

Al-Assadi presioa

Mundu osoko gobernuz kanpoko 200 erakunde eta kulturaren alorreko pertsona ezagunek Siriagatik elkartuta kanpaina hasi dute herrialdean indarkeria amaitzeko eskatuz. Stefani David Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko Ekialde Hurbileko ordezkariak azaldu du kanpainaren helburua Segurtasun Kontseiluari presio egitea dela, Damaskori zibilen aurkako indarkeriarekin amaitzea exijitu diezaion. «Errusiak eta Txinak NBEren ebazpena onartzea nahi dugu, gatazka amaitzeko».

Elkarrizketa bultzatu nahi dutela argitu dute, ez esku hartze militar bat, eta Annanen misioa babestu dute. Bestalde, Amnesty International erakundeak Al-Assadi giza eskubideak urratzeari uzteko eskatu dio. Horrez gain Siriari ezarritako arma bahimendua betetzeko eskatu dio Errusiako Gobernuari.

Matxinoek, berriz, Siriako armadako jeneral bat bahitu dute, eta Damaskori mehatxu egin diote. Oposizioko hainbat preso aske uzteko eskatu diote erregimenari, eta hori egin ezean publikoki exekutatuko dutela esan dute. Al-Assadek, berriz, indar erakustaldia egin du Damaskon. Milaka lagun bildu dirapresidentearen alde, protesten urteurrenean. Alepon, Latakian eta Hasakan ere gobernuaren aldeko manifestazio jendetsuak egin dituztela esan du Sana berri agentzia ofizialak.

Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak, bestetik, elkartasuna adierazi die siriarrei. Erregimenaren «errepresio bortitza» kritikatu du Banek, eta iaz protestak hasi zituztenetik 8.000 lagun baino gehiago hil dituztela esan du. Oposizioko kideen arabera, 20.000 lagunek Libanora jo dute gatazkatik ihes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.