Errusiak tropa gehiago bidali ditu Abkhaziara nazioartearen salaketak kontuan hartu gabe

Abkhaziak independentzia aldarrikatu duenez geroztik Georgia erasoa prestatzen ari dela azaldu du Errusiak

Erredakzioa
2008ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Errusiako Gobernuak apirilaren 16an jakinarazi zuen Georgia barruko Abkhazia eta Hego Osetia errepublika autonomoekin harremanak indartuko zituela, eta horrek Georgiaren lehen asaldatzea eragin zuen. Beste urrats bat eginez, Kremlinak Abkhaziara tropa gehiago bidaltzea erabaki du Tbilisiko gobernuak Abkhaziari eraso nahi diotela argudiatuta, lurralde horrek eta Hego Osetiak independentzia aldarrikatu zutelako. Eskualdearen egonkortasunari kalte egingo diola esanez nazioarteak egindako salaketei entzungor egin die Kremlinak. AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak haserre agertu dira NBEren Segurtasun Kontseiluan Errusiaren ekimenagatik, eta Europako Batasunak eta NATOk ere gaitzetsi dute Moskuk tropa gehiago bidaltzea.

Abkhazia eta Hego Osetia hondatu zituen 1990eko hamarkadako gerren amaieran Errusiak bake indarrak ezarri ahal izan zituen bi lurraldeotan. Orain arte 2.000 soldadu inguru zituen Abkhazian eta beste mila soldadu Hego Osetian. Diplomazia iturrien arabera, Errusiak 1.200 soldadu gehiago bidaliko ditu Abkhaziara atzo hasi zen operazioan. Tkhvartcheli izeneko barrutian militarren guneak ezarri dituzte eta defentsa eta komunikazio postuak. Errusiak dioenez, Georgia 1.500 soldadu edo polizia elkartzen ari da Kodori Gorge izeneko inguruan, Tblisiko gobernuak kontrolatzen duen Abkhaziako gune bakanetakoan. Errusiak dio garbiketa etnikoa galaraztea duela helburu. Hala ere, Georgiak ukatu egin du lurraldearen aurkako erasoa prestatzen ari dela, eta Kremlinaren jarrera salatu du. Errusiak Abkhazia eta Hego Osetia bereganatu nahi dituela dio Georgiak.

Georgiako Atzerri Minesterioaren arabera, «Abkhazian tropa errusiarrak areagotu izana oso probokazio arriskutsua da, eta mehatxu handia da nazioarteko bakearentzat eta segurtasunarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.