UKRAINA

Errusiak ukatu egin du Ukrainako armadari ultimatum bat eman dionik

Bihar 05:00etarako (04:00ak Euskal Herrian) Krimeako base militarrek amore eman ezean, Errusiako soldaduak indarrez hartzen saiatuko zirela zioen Interfax agentziak argitaratutako harrak. Defentsa Ministerioak erran du informazio hori "zentzugabekeria bat" dela.

mikel rodriguez
2014ko martxoaren 3a
07:55
Entzun

Gutxienez bi iturritatik eman du Errusiak ezeztapenaren berri. Alde batetik, Russia Today kateak Atzerri Ministerioko iturriak aipatuz adierazi du Moskuk ez diola inongo ultimatumik egin armadari. Bertzetik, Itsaso Beltzeko itsas armadaren izenean Interfax agentziari adierazi diote ultimatumarena "ergelkeria" bat dela.

Hasierako iturria agentzia hori bera izan da, Interfax. "Ez badute bihar 05:00etarako amore ematen, azpidibisio eta unitate uholde bat eroriko da Ukrainako indar militarren gainean Krimea osoan". Alexander Vitko Errusiak Krimeako penintsulan daukan itsas armadaren buruzagiaren izenean atera da ultimatum hori. Aurrez, gaur 18:00etarako ustez beste ultimatum bat emana zion Moskuk Ukrainako itsas armadari. Horri ere Krimean amore emateko exijitu dio. Oleksandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak, ordea, garrantzia kendu dio ultimatumari. "Duela bi egun antzeko bat eman ziguten, martxoaren 2ko 05:00etarako, eta ez ziren baseen aurka erasoan hasi". Hala ere, egoera "tentsio handikoa" dela aitortu du. Ondoren, ordea, Ukrainak Krimean dauzkan bi buruzagi militarrek ultimatuma jaso dutela erran diete Channel 5 telebista kateari eta Kyiv Post egunkariari.

Egoera gainezka egitear da Krimeako penintsulan, eta ultimatumaren auzia muturreko tentsioaren adierazle argia izan da. Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak "errespetua" eskatu du gaur Ukrainaren "independentzia, segurtasuna eta mugekiko". Gainera, lehian diren aldeei tentsioa areagotuko duen ezer ez egiteko eskatu die, eta "elkarrizketa eraikitzaile" batekin konpromisoa har dezatela. Errusiari zuzenduta "erretorika" uztea ezinbestekoa izango dela ere adierazi du.

Errusia, ordea, ez da atzera egiteko prest. Errusiako Atzerri ministroak esan du Krimean egongo direla errusiarzaleen eskubideak errespetatzen diren arte. Salatu du Kieven osatu berri den gobernua errusiarzaleen eskubide "legitimoak" urratzen ari dela eta helburu horrekin ari direla. "Demokraziaren aurkako erradikalak" direla zehaztu du.

Odesan, berriz, eskualdeko parlamentua hartu dute zenbait manifestari errusiarzalek, Efe agentziaren arabera, tokiko hedabideek zabaldu dutenez. Gauza bera gertatu da Donetsken, Ukrainako Gobernuaren delegaritza bat ere hartu baitute han.

Borrak eskuan hartuta sartu dira hainbat manifestari Odesa eskualdeko parlamentuan. Bilkura batean zeuden agintariak; leihoak eta ateak hautsita sartu dira barrura, Eferen arabera. Donetsken, berriz, milaka lagunek manifestazioa egin dute, Sergei Taruten aurka: atzo izendatu zuten Tarut Ukrainako Gobernuaren delegaritzako ordezkari.

Zubi bat Errusia eta Krimea lotzeko

Errusiak, gainera, esan du Krimeako penintsula lotzeko zubi bat egingo duela, eta Jatseniuk Ukrainako presidenteak erantzun du ez dutela lurralde hori inoren esku utziko. Gainera, Ukrainako agintariak mehatxatu ditu eta legearen aurrean erantzun beharko dutela oharatarazi die.

Ukrainako armadak salatu du Errusiarren presioa geroz eta handiagoa dela soldadu ukrainarrak Krimeako agintarien pean jarri daitezen. Krimeako presidente izendatu berri Sergei Axionovek Krimean dauden soldaduei euren aginduetara jartzeko eskatu zien larunbatean.

Azken orduetan, hala ere, munduko zenbait agintari harremanak josten ari dira Ukrainari begira. Merkelek atzo gauean Obamari harreman talde bat sortzea proposatu zion, OSCEren agindupean.  Berlinen arabera, Putinek begi onez ikusi du proposamen hori.

Obamaren oharra

AEBetako presidente Barack Obamak adierazi du Errusiak "norabide berean jarraitzen badu", hori isolatzeko neurri ekonomiko eta diplomatikoak aztertuko dituela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu da Obama Etxe Zurian, eta adierazi du Errusia "historiaren alde okerrean" posizionatzen ari dela.

EB, jarrera bateratzen

Europako Batasuneko herrialde kideetako ministroek bilera bat egitekoak ziren 13:00etan Bruselan, Errusiak Ukrainako gatazkan hartutako jarreraren aurrean zein erantzun eman era bateratuan zehazteko. Bi astean Ukrainako krisiaren harira atzerri ministroak biltzen diren bigarren aldia izango da gaurkoa.

Larunbatean, Errusiako Senatuak baimena eman zion Vladimir Putin presidenteari tropak Krimeara bidaltzeko. Atzo, NATOk Errusiari eskatu zion errespeta dezala Ukrainaren lurraldetasuna. "Errusiaren jauzi militarra gaitzesten dugu", esan zuen Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak, eta Errusiaren jarrerak erakunde militarreko kideengan "kezka handia" eragin duela gaineratu zuen.

Protesta modura, G7ko kideek Sotxiko goi bilera prestatzeari utzi diote

Testuinguru horretan, kolokan da G8koak Sotxin egitekoak diren bilera. G7koa osatzen dutenek —AEBek, Kanadak, Japoniak, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Italiak— erabaki dute goi bilera hori antolatzeko lanetan parte hartzeari uztea, Errusiaren jokabidearekiko kexa gisa.

Herrialde horiek salatu dute Ukrainaren burujabetza eta lurraldetasuna urratu duela Errusiak, Krimeako errepublika autonomora tropak bidaltzeagatik. "Dei egiten diogu Errusiari Ukrainarekin segurtasunaz edo giza eskubideez duen edozein kezka negoziazioen eta nazioarteko behatzaileen bidez eztabaidatzera", eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.