Lavrovek krisi larritzat eta tragediatzat jo du Ukraina ekialdeko egoera, eta mezua igorri die AEBei eta Europako Batasunari: "Beste gatazka batzuetan eskatzen dutena eskatu behar diote Kievi: armamentu astunaren erabilera eta aire armadaren jarduna bertan behera uztea". Hirien, zibilen, eskolen eta ospitaleen kontrako erasorik ez egiteko eskatu du, gainera.
Egoera bideratzeko, elkarrizketei ekitea eta zigorrak jartzeko mehatxuak alde batera uztea galdegin dio Lavrovek nazioarteari: "Eser gaitezen hitz egitera". Horrekin batera, Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen bake plana ere kritikatu du. Haren ustetan, "errealitatetik aldendutako eskariak" biltzen ditu plan horrek —milizianoek armak utz ditzatela eskatzen du, besteak beste—.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak uste du Ukrainako Gobernuak ez duela gatazka konpontzeko "elkarrizketa politikorik" hasi nahi.
Ukrainako segurtasun indarren bozeramaile batek jakinarazi duenez, soldaduei Luhanskeko aireportua uzteko agindu diete.