Georgiako Gobernuak Errusiako tropak 40 kilometro aurreratu direla salatu du. Azken horrek, Senakin, Hego Osetiatik urrun eta segurtasun gunetik kanpo 9.000 soldadu hedatu dituela onartu du. Errusiarrek Georgiak Hego Osetiari eraso egitea ekidin nahi dute badaezpadako operazio militarraren bitartez. Hiri horrek, garrantzia handia dauka, bertan elkartzen baitira Georgia iparraldea eta hegoaldea batzen dituzten garraiobide garrantzitsuenak.
Honen harira, Georgiak su-etena sinatu arren Errusiak uko egin dio, Hego Osetiako bonbardaketek jarraitzen dutela argudiatuta.
Erasoak ez etetea leporatzen diote estatu biek elkarri. Dagoeneko ehunka dira hildakoak eta milaka beren etxeetatik alde egin behar izan duten Hego Osetiako eta Georgiako bizilagunak. George Bush AEBetako presidenteak Moskuren esku hartzea "neurriz kanpokoa" dela iritzi dio.
Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak alde bakarreko su-eten agiria sinatu du, Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroa eta Alexander Stubb Finlandiakoa -EB Europako Batasunaren bitartekariak- lekuko zirela. Orain, Moskura joango dira Kouchner eta Stubb agiri horrekin, Dmitri Medvedev Errusiako presidenteari sinatzeko eskatzera. Nolanahi ere, Medvedevek aurreartu du ez dutela sinatzeko asmorik, Georgiak Hego Osetia bonbardatzen jarraitzen dutela-eta.
Hain zuzen ere, erasoekin aurrera jarraitzea egozten diote elkarri Georgiak eta Errusiak. Tropak Hego Osetiatik erretiratuko zituela iragarri zuen atzo Georgiak, hartara hego osetiarrekin eta Errusiarekin konponbidea negoziatzeko. Halakorik ez da bete ordea: gaur goizean Tskhinvali hiriburuan erasoak egin dituzte berriro Georgiako armadako indarrek, eta, besteak beste, hiru militar errusiar hil dituzte.
Era berean, Errusiak Georgia erasotzen jarraitzen du. Hego Osetiatik hurbil dagoen Gori hiria ia menpean hartu dute -Errusiako indarrak tankeekin sartu direla dio Georgiak-, eta beste eremu batzuk ere bonbardatu dituzte, Tbilisi hiriburu ingurua barne.
Errusiak eta Georgiak elkarri leporatzen diote erasoak abiatzea. Nolanahi ere, dagoneko ehunka lagun hil dira eraso horien ondorioz, eta milaka lagunek alde egin behar izan dute beren etxeetatik. UNHCR Nazio Batuetako errefuxiatuentzako batzordearen arabera, 10.000-20.0000 inguru dira desplazatuak eta Errusiaren arabera 30.000. Nolanahi ere, "hondamendi humanitarioa" gerta daitekeela ohartarazi dute nazioarteko erakundeek.
Gainera, Hego Osetia inguruan ez ezik Abkhazian ere gero eta gehiago gaiztotzen ari da giroa. Georgiaren mendeko eremu autonomoa da Abkhazia, baina independentzia aldarrikatu zuen. Hego Osetiako gatazkaren harira, Georgiako indarren kontrako oldartu dira han ere independentistak, eta Errusiak gaur iragarri du 9.000 soldaduko indarra prest duela Georgiarrak Abkhaziatik bidaltzeko.
Gatazka gero eta larriagoa dela ohartuta, EB Europako Batasunak Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroa bidali du ordezkari gisa Tbilisiri eta Moskuri bake plan bat aurkez diezaien. Frantziaren esku da da sei hilabeteko honetan EBko presidentetza.
George Bush AEBetako presidentea, berriz, gogor mintzatu da azken orduetan Errusiaren kontra, Hego Osetiaren inguruko gatazkan hartu duen jarrera "neurriz kanpokoa" dela esanez. AEBek Georgia babesten dute.
Analisten iduriko, gatazka honek Errusiaren eta Mendebaldearen arteko haustura eta tentsioa areago dezakete.
Gatazka Kaukason
Errusiako armada Georgiako Senaki hirian sartu da badazpadaeko operazio militarra dela argudiatuta
Operazio honen bitartez, Georgiak Hego Osetia erasotzea ekidin nahi duela jakinarazi du Moskuko gobernuak. Georgia iparraldea eta hegoaldea batzen dituen garraio bide sare estrategikoa dago Senakin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu