Azken egunetako enfrentamenduak larritu, eta borroka handiak lehertu dira Hego Osetian:Georgiako Su-25 gerra hegazkinek Tsjinvali hiriburua bonbardatu dute bart goizaldean, eta independentisten arabera, ehunka zibil hil dituzte. "Tsjinvalin ehunka zibil daude hilda. Georgiak Osetiako herriaren kontra egiten duen hirugarren genozidioa da hau", salatu du Eduard Kokoiti Hego Osetiako independentisten buruak. Tsjinvalin Georgiaren aurkako erresistentzia gero eta irmoagoa dela erantsi du, eta plaza batean Georgiako armadako lau tanke suntsitu dituztela miliziek.
Georgiak, berriz, bere helburua "ordena konstituzionala" berriro ezartzea eta "bakea bermatzea" dela agertu du, eta borrokari eutsiko diola xede horiek lortu arte. Hain zuzen ere, Gobernuko iturriek agertu dute independentistek georgiarren aurka ekin diotelako esku hartu dutela.
Azken orduetan, gainera, okerrera egin du egoerak eta Mosku ere sartu da gatazkan: Errusiaren bonbardaketak jasaten ari dela salatu du Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak, eta Errusiako tankeak Georgian sartu direla -zehazki, Hego Osetiako hiriburuan-. Gerra deklaraziotzat jo du hori Georgiako Gobernuak. Errusiak onartu du 58. gudarosteko hainbat unitate Georgiara bidali dituela, eta Tsjinvalitik hurbil direla.
Georgiako presidente Saakashvilik herritarrak mobilizatzera deitu ditu. "Errusia bonbardatzen ari zaigu. Tamaina handiko erasoa abiatu dute Georgiaren aurka", esan du Saakashvilik telebistan irakurri duen mezuan. "Bonbek eta erasoek ez gaituzte beldurtzen. Eutsi egingo diogu eta irabazi egingo dugu. Mobilizazio orokorra agintzen dut", erantsi du. Mobilizazio orokor horrek soldadutza egina duten 25-40 urte arteko gizonezi eragiten die, hots, 100.000 lagun ingururi.
Hego Osetia Georgiaren baitako eskualdea da ofizialki. Nolanahi ere, harreman horrek historia korapilatsua du. 1922an autonomia eskuratu zuen Hego Osetiak Sobiet Batasunaren barruan, Stalinen aginduz. Gainera, Stalinek gerogiarrak nagusi ziren Tsjinval hiriburua eta inguruko eskualdea erantsi zion Hego Osetiari.
1989an Sobiet Batsuneko erregimena bertan behera geratu eta Georgiak independentzia eskuratzean, autonomia aldarrikatu zuten hego osetiarrek, baina Georgiako Legebiltzarrak Konstituzioaren kontrakotzat jo zuen. Independentzia aldarrikatu zuen, orduan, Hego Osetiak.
Urte gatazkatsuak izan ziren ondorengoak: Georgiako armadako eta Hego Osetiako miliziak gerran izan ziren bi urtez, eta 1.800 lagunetik gora hil ziren. Azkenean, 1992ko uztailean bake akordioak sinatu zituzten, eta eremu hartan bake indarrak zabaltzea hitzartu zuten Georgiak eta Osetiak.
Bake indar horiek zabalduta egon arren, tentsioa nabarmena izan da urte guztiotan Hego Osetian. Lurraldearen zati bat %30-40 inguru Georgiaren menpe dago, baina gainerako guztia independentea da de facto. Georgiatik aldentzearen aldeko hego osetiarrek Ipar Osetiarekin eta Errusiako Federazioarekin bat egin nahi dute -Errusiako parte da Ipar Osetia-. Hain justu, orain azken gatazkak lehertu direnean Errusiaren babesa eskatu dute Hego Osetiako independentistek.
Gatazka Kaukason
Errusiako armada Hego Osetian sartu da
Tsjinvali hiriburuan Georgiak ehunka zibil hil dituela salatu du Hego Osetiako independentisten buruak. Tsjinvali inguruan daudela onartu du Moskuk. Dagoeneko sartu direla salatu du Georgiak. Bart goizaldean Tsjinvali bonbardatu du Georgiak, Hego Osetiako independentistak menderatze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu