Errusiako armadak erasoak gogortu ditu, Ukrainakoak Belgorod bonbardatu ostean

Errusiako armadak 26 lagun hil ditu Kieven eta Kharkiven kontrako erasoetan. Zelenskik esan du «eragin dituen heriotza guztiei» erantzun beharko diela Errusiak.

Suhiltzaile bat Errusiako bonbardaketek eragindako sute bat itzaltzeko saiakeran, gaur, Kieven.
Suhiltzaile bat Errusiako bonbardaketek eragindako sute bat itzaltzeko saiakeran, gaur, Kieven. OLEG PETRASYUK / EFE
iraia vieira gil
2024ko urtarrilaren 2a
18:30
Entzun

«[Belgorod hiriaren kontrako] Erasoa zibilen aurkakoa izan da, eta, zalantzarik gabe, terrorismo ekintza bat». Errusiako presidente Vladimir Putinek Ukrainako armadaren ofentsiba gaitzetsi zuen atzo. Larunbatean izan zen Belgoroden (Errusia) kontrako erasoa, baina bonbardaketek herenegun arte iraun zuten; 25 pertsona hil eta ehun baino gehiago zauritu zituen orduan Ukrainako armadak. Egin zituen adierazpenetan, Errusiako presidenteak abisu bat eman zion Ukrainari, TASS albiste agentziaren arabera: «Zibilen aurkako krimenak ez dira zigorrik gabe geratuko». Alde horretatik, Ukrainaren aurkako bonbardaketak areagotzea erabaki du Putinek, eta gaur, zehazki, hamasei lagun hil eta hamabost zauritu ditu Errusiako armadak, Kieven kontrako aireko erasoetan. Hiriburuko alkate Vitali Klitstxkok eman du egoeraren berri, Telegram mezu aplikazioaren bitartez, eta kontatu du gaurko ordu txikietako bonbardaketek suteak piztu dituztela hainbat eraikinetan. Azaldu duenez, kalteak sortu dituzte elektrizitate eta ur horniketetan. 

Kharkiv hirian (Ukraina) ere bonbak bota ditu gaur Errusiako armadak, Ukrainako Gobernuko iturriek azaldu dutenez. Izen bereko eskualdeko gobernadore Oleg Siniehubovek Telegram bidez iragarri du biktimen behin-behineko kopurua: hildako bat eta hemeretzi zauritu. Esan du, gainera, militarrek «azpiegitura zibilei» egin dietela bereziki eraso, eta jakinarazi du eskualde horretako beste hogei herri ere bonbardatu dituztela. Era berean, Errusiako armadak bere gain hartu du Petropavlovkaren aurkako bonbardaketa; Errusiaren parte da, eta Ukrainako mugatik gertu dago. Hiri hori Voronezh eskualdean dago, eta hango gobernadore Aleksandr Gusevek adierazi du «munizioaren ezohiko jaurtiketek» eragin dutela erasoa; haren arabera, ez da biktimarik egon. Petropavlovkako hainbat biztanle «aldi baterako ostatu zentroetara» eraman dituzte, etxebizitza berriak eraiki arte; «ahalik eta lasterren» eraikitzekoak dira. «Lasaitasunez» jarduteko eskatu die herritarrei, Telegram bidez.

Eraso horien inguruan, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik X sare sozialean esan du Errusiako armadak «eragin dituen heriotza guztiei» erantzun beharko diela. Horrez gain, herrialde horrek gerra irabaztea Putinen «sentsazio bat» besterik ez dela esan du Ukrainako presidenteak, The Economist astekariari eskainitako eta atzo argitaraturiko elkarrizketa batean. Errusiako presidenteak, ordea, uste du bere herrialdeko armadak abantailak dituela, Ukrainakoak dituen baliabideak «agortzen» ari direlako eta, beraz, ahultzen ari delako. Gatazkari amaiera emateko prest dagoela argitu zuen atzo, betiere «Errusiaren baldintzetan» oinarritutako bakea ezartzen badute. 

Defentsarako baliabideak  

Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak aire defentsarako sistemak erabili ahal izateko baliabideak behar dituztela gogorarazi die gaur nazioarteko hainbat eragileri; beharren artean, droneak eta helmen luzeko misilak aipatu ditu.

Komunikatu baten bitartez, aliatuei eskatu die Errusiako aktibo izoztuak Ukrainari bidaltzeko, herrialdeak dituen beharrak asetzeko eta nazioarteko erakundeek eta gobernuek Errusiarekin dituzten harremanak amaitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.