Ukraina

Errusiako funtzionarioak zigortuz erantzun diote AEBek eta EBk erreferendumari

Krimeako Parlamentuak Errusiari batzea onartu du. Vladimir Putinek bihar hitz egingo du Duman.

Simferopoleko Lenin plaza, hautesontziak itxi ostean. YURI KOCHETKOV, EFE
Mikel Rodriguez - Maialen Unanue
2014ko martxoaren 17a
08:20
Entzun

EB Europako Batasunak eta AEBek aurrez iragarri bezala zigorrekin erantzun diote Krimeako erreferendumari, baina uste baino neurri arinagoak izan dira. Izan ere, EBko Atzerri ministroek Krimeako erreferenduma antolatzea egotzitako 21 lagun zigortu dituzte, Ukrainako eta Errusiako herritartasuna dutenak. EBn dauzkaten hondasunak izoztu eta bisak ukatu dizkiete. Hasiera batean, ordea, zerrenda ehun lagunekoa zela adierazia zuen EBk. 28en Atzerri ministroek zigor ekonomikoak baztertu egin dituzte oraingoz, eta esan dute "Errusiaren jokabidearen arabera" zigor gehiago aztertuko dituztela datozen egunetan.

Barack Obama AEBetako presidenteak, berriz, Errusiako zazpi goi-funtzionarioren eta Ukrainako lauren aurkako zigor agindua sinatu du. Zigortutakoen artean daude Viktor Janukovitx boteretik kendutako Ukrainako presidentea, Valentina Matvienko Errusiako Senatuko presidentea, Dmitri Rogozin Errusiako lehen ministrordea eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen hurbileko aholkulariak. AEBetan dauzkaten hondasunak izoztuko dizkiete, eta ezingo dute AEBekin merkataritza harremanik izan. 

Emaitza argia

Atzoko galdeketaren emaitza jarraituz, Errusiari batzea onartu du Krimeako Parlamentuak. Izan ere, biztanleek argi utzi zuten euren iritzia atzoko galdeketan: %96,77 Errusiari batzearen alde daude. Parte hartze handiak babesten du iritzi hori, gainera: botua ematera deituta zeuden hautesleen %81,37k bozkatu baitzuten atzoko galdeketan. Hautesontziak itxi bezain laister atera ziren herritarrak kalera, eta Simferopoleko Lenin plaza bete zuten milaka lagunek. Hori baino lehen, Krimearen independentzia erabakia onartu du Parlamentuak, 85 parlamentariren babesarekin. Horiexek izan dira Errusiari batzea onartu dutenak ere.

Errusiak ohar bidez jakinarazi duenez, nazioarteko "babes taldea" osatu nahi luke, Ukrainako agintari eta herritarrei Krimeako erreferendumaren emaitzak errespeta ditzaten. Talde horrek Ukrainari konstituzio berri bat idazteko eskatuko lioke, eskualdeei autonomia gehiago eman eta "neutraltasun politiko eta militarra" manten dezan. "Ukrainako egungo egoera ez dugu guk probokatu, baina krisi larria bizi du, gizartea polarizatu eta herrialdearen zatien arteko desberdintasuna areagotu egin du", adierazi du Sergei Lavrov Errusiako atzerri ministroak.

Gaineratu du nazioarteko komunitateak desberdintasun horiek konpontze aldera lan egin behar lukeela. AEBei, EBri eta beste herrialde batzuei igorri die talde hori sortzeko proposamena, krisia amaitzeko "ukrainarrek beraiek" eman behar dituzten pausuak bultzatzeko. Besteak beste, Mikhail Gorbatxov SESBeko presidente ohia ere mintzatu da erreferendumaz, eta esan du bere botuarekin herriak "akats historiko bat" zuzendu duela: Lege sovietarrak jarraituz batu zioten Krimea Ukrainari, herritarrei galdetu gabe. Orain akats historiko hori zuzendu da", esan du.

Erreakzioak nazioartean

Krimearrek hartutako erabakiak, ordea, babes gutxi du nazioartean. NATOk adierazi du erreferenduma "ilegitimoa" dela eta "Ukrainako Konstituzioa eta nazioarteko legedia" urratzen dituela. Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusia Arseni jatseniuk Ukrainako lehen ministroarekin elkartu da, eta "elkarlana areagotzea" adostu dute. Japonia ere mintzatu da: ez du atzoko galdeketa onartzen, eta G7 osatzen duten gainerako herrialdeekin —Alemania, Kanada, AEB, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua— koordinatutako zigorrekin erantzungo dio Krimeako agintariei.

AEBetako presidente Barack Obamak adierazi du bere gobernuak ez duela "sekula" onartuko atzo ospatutako galdeketaren zilegitasuna. Europa Press agentziak zabaldu duenez, Putinekin hitz egin du telefonoz Obamak, eta esan dio galdeketak Ukrainako konstituzioa "bortxatzen" duela, eta "Errusiaren esku hartze militarraren indarkeriaren pean" gauzatu dela. Obamaren arabera, Ukrainako Gobernuak "giroa baretzeko pausu zehatzak" ematen ari da, eta hauteskundeak prestatzen ari da udaberrirako, "Konstituzio erreforma landu bitartean".

Putin, bihar, Duman

Sergei Neverov Errusiako Parlamentuko presidenteordeak, berriz, baieztatu du parlamentuak "etorkizun hurbil batean" onartuko dituela Krimea Errusiara batzeko beharrezko diren legeak. "Krimeako erreferendumaren emaitzek argi eta garbi erakusten dute bertakoek euren etorkizuna Errusiako parte izanik ikusten dutela", adierazi dio Interfax agentziari. Putin bihar mintzatuko da Duman Krimeaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.