Georgiako herritarren artean «izua» zabaldu nahi izatea egotzi die Moskuko buruzagiei. «Baina proba hau eta ehun aldiz gogorragoak direnak ere gaindituko ditugu, askatasunaren eta gure herriko independentziaren alde». Erasoaren aurrean emango duten erantzuna «lasaitasunean eta batasunean» oinarrituko dela esan du, eta Errusiak era honetako jazoerekin «ahultasuna» baino ez duela erakusten.
Gobernuaren kexua erakusteko, Errusiak Tbilisen duen enbaxadore Viatxeslav Kovalenkorengana jo du Georgiako Atzerri Ministerioak; ohar bat eman dio salaketaren berri jakinarazteko, eta protesta egiteko. Lehendik ere aski ozpinduta daude bi herrialdeen arteko harremanak, eta gertaera honek tentsioa areagotu egin du. Errusiako Atzerri Ministerioak, oraingoz, «ezinegona» agertu du jazoeraren inguruan, eta ikerketa bat agindu du zer jazo den argitzeko. Ordezkari bat bidali du jazotakoa bertatik bertara aztertzeko.
Errusiako ordezkari militarrek, bestalde, ukatu egin dute salatutako jazoerarekin inolako harremanik dutenik. Aipatu leku eta orduetan beren airekorik ez zebilela azaldu dute. Georgiako Gobernuak ez du aski oraingoz Moskutik heldu diren erantzunekin: «Errusiaren azalpen ofizial baten zain gaude».
HEGO OSETIATIK OSO HURBIL. Aire bidezko erasoa Hego Osetiatik hurbil jazo zen. Herrialde gatazkatsu horretako egoera nahasiarekin lotu dute zenbait adituk, gertaera. Georgiatik bereiztea dute xede osetiarrek, eta Errusiarekin bat egitea; hala adierazi dute behin baino gehiagotan --azkeneko aldiz, iaz-- erreferendum bidez. Nazioarteak ez du onartzen, ordea, Kaukasoko herrialde horrek erabakitakoa. Eztabaida-iturri etenik gabea da auzia Errusiaren eta Georgiaren artean. Aire bidezko erasoa, berriro ere, horren lekuko argia izan da.
Georgiako hegazkinei egotzi die erasoa Hego Osetiako buruzagi independentista Eduard Kokoitik. «Georgiaren partetik egindako probokazio baten aurrean gaude; helburua Errusiaren izena zikintzea da» Georgiak esan du erasoan ustez erabili ziren aireko motako hegazkinak badituela, eta «ikara» eragiteko erabili dituela.
Honako hau, aurten Georgiak Errusiari egozten dion era honetako bigarren jazoera da. Martxoaren 11n, Tbliseko agintariek, Moskuri egotzi zioten helikopteroak erabiliz aire bidezko erasoa egitea Abkhaziako --Georgiarekiko independentzia nahi du honek ere-- Kodori arroilan.
«Proba hau eta ehun aldiz gogorragoak ere gaindituko ditugu, askatasunaren eta independentziaren alde»
mikhail saakashvili
GEORGIAKO PRESIDENTEA
«Georgiaren probokazio baten aurrean gaude; helburua Errusiaren izena zikintzea da»
eduard kokoiti
hego osetiako buruzagi independentista
Tblis-Mosku: aspaldi gaiztotutako harremana
Hego Osetia, Abkhazia eta Txetxenia dira, besteak beste, bi herrien arteko ezinikusiaren eragileakerredakzioa
Georgiaren eta Errusiaren arteko harremanak ez dira inoiz onak izan. Sobiet Batasunaren garaian, 1989an, armadak 19 independentista georgiar hil zituen, eta Georgiak 1991n independentzia lortuta ere, ez dira hobetu bi herrien arteko harremanak.
2003a beste data garrantzitsua dute bi herrien ezinikusiek. Iraultza Arrosak Mikhail Saakashvili jarri zuen Georgiako Gobernuan -egungo presidentea-, mendebaldearen aldeko erreformista. Errusiari leporatzen dio Europarekin harremanak hondatzen saiatzea, eta Hego Osetiako eta Abkhaziako independenteen alde egitea. Errusiak, berriz, txetxeniarren aldeko jarrera kritikatzen dio.
Iazkoak harreman are txarragoak ekarri zituen bi herrien artean. Georgiako segurtasun indarrek Kodori bailararen kontrola hartu zuten, ordura arte matxinoen esku zegoena. Kodoriko krisiaren atzean errusiarrak zeudela salatu zuten georgiarrek, matxinoek haien laguntza izaten zutelako. Azaroan, auzia konpondu arte, behin-behineko zentro administratibotzat jo zuen Georgiak Kodori.
Baina horrela izendatu aurretik, irailaren 27an, inteligentzia militarreko lau ofizial errusiar atxilotu zituen Georgiak, espioitzaz akusatuta. Handik hiru egunera Abkhaziako eta Hego Osetiako buruzagiekin bilera egin zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, «hegoaldeko Errusiaren garapen ekonomikori buruz hitz egiteko». Hurrengo egunean Errusiak esan zuen ez zituela tropak Georgiatik erretiratuko, hitz eman bezala.
Georgiari egokitu zitzaion hurrengo urratsa egitea, eta atxilotutako errusiarrak OSCE Europako Segurtasun eta Kooperazio Erakundearen esku utzi zituen. Errusiarrek orduan erabaki zuten Georgiarekin harremanak apurtzea. Airez, lurrez eta itsasoz, Georgiarekin komunikazio guztiak eten zituen. Baita posta ere.
NBE eta AEBak Errusian izan dira Georgiarekin duen tentsioari amaiera eman diezaion. Baina ez dirudi oraingoz amaituko denik. Azken tirabira gasaren ingurukoa izan dute urte hasieran, eta Hego Osetia, Abkhazia eta Txetxeniak bi herrien arteko liskar gai izaten jarraitzen dute.