Siberiako Tiumen hiriko aireportutik hiru kilometrotara jo zuen lurra UTair konpainiako hegazkin helizedun batek atzo. Surgut hirira joatekoa zen hegazkina eta 39 bidaiari eta lau langile zihoazen, eta gutxienez 32 hil dira, Errusiako Larrialdi Ministerioak jakinarazi duenez. Istriputik bizirik atera diren hamabi lagunak hurbileneko ospitalera eraman dituzte artatzera.
Aire kontrolatzaileek aireratu eta minutu gutxira galdu zuten hegazkineko pilotuekiko harremana, eta larrialdizko lurreratzea egiten ahalegindu zirenean gertatu zen ezbeharra. Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen istripua, baina ikerketa taldeak dagoeneko aurkitu ditu hegazkineko kutxa beltzak. Dmitri Medvedev Errusiako jarduneko presidenteak, bestalde, doluminak eman dizkie hildakoen senideei, eta bere babes osoa eskaini die.
Aspaldiko istripu larriena
2011ko irailaz geroztik Errusian izan den hegazkin istripurik larriena izan da Tiumengoa. Iazko irailean jo zuen lurra hegazkin batek, Jaroslavleko aireportuan aireratzeko maniobra egiten ari zen unean, eta barruan zeuden Lokomotiv Jaroslav izotz hockey taldeko jokalari gehienak hil ziren unean bertan.
Errusiako hegazkin batek istripua izan du Siberian, eta 32 lagun hil dira
Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen istripua, baina ikerketa taldeak aurkitu ditu kutxa beltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu