Tiroz hil zuten atzo gauean Boris Nemtsov Errusiako oposizio burua eta lehedakariorde ohia. 55 urte zituen. Paseoan zebilela jaso zituen tiroak, Moskun, Kremlin jauregitik gertu. Kotxe batetik egin zioten tiro.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak hilketa salatu du, eta agindu du "hilketa zinikoa" egin dutenak bilatu eta zigortzeko egin beharreko guztia egingo dutela. Zantzuen arabera, enkarguz eginiko hilketa dela esan du, eta probokazio bat izan asmo duela.
"Gure herrialdearen trantsizio garaian, garai zailetan, postu garrantzitsuetan lan egitea egokitu zitzaion", adierazi du Putinek Nemtsovi buruz, haren arrastoa gelditu dela gaineratuz. Halaber, bere posizio politikoak, Putinekiko oso kritikoak, oso argi izan dituela eta ongi defendatu dituela nabarmendu du Errusiako presidenteak.
Besteak beste, oso kritiko zen Nemtsov Errusiak Ukrainan egin dituen esku-hartzeekin. Ildo horretan, Ukrainako presidente Petro Poroxenkoren ustez, Errusiako armadak Ukrainako aferan duen parte-hartzeari buruzko datuak argitaratuko ote zituen "beldur" zirelako hil dute.