«Liluratuta nauka gure herritarren jarrerak [...]. Askatasunaren genea bizirik dago errusiarren baitan». Mikhail Gorbatxov SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko azken presidentearen hitzak dira, Novaia Gazeta aldizkarian atzo argitaratutako elkarrizketan esanak. Gorbatxovek, gainera, gonbita egin die errusiar guztiei gaur Moskun «hauteskunde garbien alde» egingo den manifestaziora joan daitezen. Gobernuaren kontrako protesta jendetsua izango delakoan daude deialdia egin duten oposizioko alderdiak, 50.000 lagun inguru biltzea espero dute.Vladislav Surkov Kremlineko presidenteordeak, berriz, manifestarien kontra egin du, eta herrialde arabiarretako matxinadak imitatu nahia leporatu die.
Kremlinen kontrako manifestazioak etengabe egiten ari dira abenduan 4az geroztik. Legebiltzarrerako bozak egin zituzten orduan, eta Errusia Batua Vladimir Putin lehen ministroaren eta Dimitri Medvedev presidentearen alderdiak gehiengoari eutsi zion, aurreko legealdian baino diputatu gutxiago lortu arren. Dumako 450 eserlekuetatik 238 lortu ditu aurten; 315, berriz, 2007an. Oposizioak ustelkeria salatu du , eta bozen emaitzak jakin ostean dozenaka mila lagun bildu ziren Moskun, bozak baliorik gabe utz ditzateneskatzeko. KPRF Errusiako Alderdi Komunistak, Dumako bigarren indarrak, eta oposizioko alderdi nagusiek zilegitasun oro ukatu diete bozei, eta herritarren artean ere gero eta hedatuago dago hauteskunde sistemaren atzean ustelkeria dagoen ideia.
Testuinguru horretan iragarri du Medvedevek, hain zuzen, Errusiako sistema politikoaren aldaketa. Ostegunean azaldu zituen jendaurrean, eta atzo, berriz, Hauteskunde Legeari eta Alderdi Politikoen Legeari eginiko hainbat zuzenketa aurkeztu zituen Duman. Oro har, alderdien sorrerarako eta funtzionamendurako baldintzak liberalizatzeko proposamenak dira. Hala ere, oposizioak mesfidantzaz hartu du presidentearen ekimena, sistemaren benetako zabaltzea baino gehiago maniobra taktikoa delakoan.
Hauteskundeen atarian
Presidentearen zuzenketek legebiltzarraren gehiengoaren babesa jasotzen badute, Duman ordezkaritzarik ez duten alderdiek aurrerantzean ez dute sinadurarik bildu behar izango lekuko eta eskualdeetako bozetan zein boz orokorretan hautagaiak aurkeztu ahal izateko. Soilik presidentetzarako hauteskundeetan bildu beharko dituzte sinadurak, baina derrigorrezko atxikimendu kopurua jaitsiko dute: bi milioitik 100.000ra. Presidentegai independenteek, bestalde, 300.000 sinadura lortu behar izango dituzte.
Alderdi politiko berriak sortzeko baldintzak ere erraztu egin nahi ditu Medvedevek. Gaur egun, gutxienez 40.000 militante izan behar ditu erakunde batek alderdi politiko gisa erregistratu ahal izateko; aurrerantzean, nahikoa izango da 500 kide izatearekin. Gainera, ezingo da alderdien erregistroa baliogabetu lekuko erakundeetan behar baino militante gutxiago izateagatik. Lege berriak, halere, 2013ko urtarrilean sartuko dira indarrean.
Oposizioa, ordea, ez da fio. «Ez dute asmorik Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak berrikusteko. Auzia itxitzat eman nahi dute, presidentetzarako bozak arau berberekin egiteko», esan du Grigori Ivlinski Jabloko alderdi liberaleko buruak. Izan ere, martxoan presidente berria hautatuko dute Errusian, eta, oraingoz, Putin da faborito. Gero eta gehiago dira ofizialismoak boterearen monopolioa duela uste duten herritarrak, eta, oposizioaren ustez,haserre hori baretzeko keinua baino ez da Medvedevena.
Errusiako oposizioa kalera aterako da gaur Moskun, «boz garbiak» eskatzeko
Dimitri Medvedevek Parlamentuan aurkeztu ditu hauteskundeen legea eta alderdiena aldatzeko zuzenketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu